Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ-k azeleragailu linealen erabilera hedatu du erradioterapia bidez onkologikoak ez diren patologia onberak tratatzeko

16.03.2021

IMQ-k azeleragailu linealen erabilera hedatu du erradioterapia bidez onkologikoak ez diren patologia onberak tratatzeko

 

IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Erradioterapikoko Unitateak dituen azken belaunaldiko bi azeleragailu linealei esker, posible da jada erradioterapiaren bidez patologia ez-onkologiko ugaritan beste tratamendu-aukera bat izatea. IMQ-ko Onkologia Erradioterapikoko koordinatzaile Clara Eítok azpimarratu duenez,  «erradiazio-dosi oso txikiak erabiliz, oso ondorio onak lortzen ditugu hanturazko, endekapenezko edo ugaritzezko prozesu jakin batzuetan, tratamendu farmakologikoei edo ohiko tratamenduei erantzun ez dietelako, tratamendurik ez dagoelako edo lesioen kokapenagatik, eta haiei terapia-mota hori aplika dakieke».

Patologia onbera tratatzeko behar den erradioterapia-dosia «oso txikia da tumore-patologia tratatzeko erabiltzen dugun ohiko erradioterapian erabiltzen ditugun dosiekin alderatuta. Zelulek irradiazio-dosi txiki horri ematen dioten erantzuna hantura-kontrakoa da funtsean, hau da, erradioterapia-mota horrek txikitu egiten du hantura erradiotarapia luzaroan aplikatzen den ehunaren gainean», nabarmendu du IMQ-ko espezialistak.

Gaixotasun jakin batzuetan erradioterapiaren azpian dauden mekanismo erradiobiologikoek hantura-kontrako efektua ez ezik, ugaritzezkoaren aurkako eragina ere badute. «Irradiazioaren ondoren, ugalketa-zikloan atzerapen bat gertatzen da, eta horrek irradiatutako ehunaren hazkunde zelularra eragozten du denboraldi batez. Hori dela eta, hipertrofia edo zelula epitelialen hazkunde neurrigabea dagoenean, erradioterapia baliagarria eta eraginkorra izan daiteke».

Eta, era berean, tratamendu erradioterapiko horrek eragin immunomodulatzailea izan dezake, hau da, erantzun immunean eragina izan dezake. «Horrela, gaixotasun immuneak, hala nola Graves-en begi-gaixotasuna, hobetu egiten dira, bai azpiko hanturagatik, bai kontrol immuneagatik».

Zein patologia trata daiteke?

Argitalpen ugarik baieztatu dute erradioterapiaren erabilera baliagarria dela gaixotasun onbera jakin batzuetan. Izan ere, herrialde batzuetan, Alemanian eta Erresuma Batuan, esaterako, oso zabalduta dago prozesu horiei lotutako erabilera. Hala, erradioterapia ohiko tratamendu, tratamendu farmakologiko edo tratamendu fisioterapikoari behar bezala erantzun ez dioten pazienteentzat da egokia. Tratamendu horien aldean duen abantaila nagusia da «tratamendu-aldia laburragoa dela eta ondorioek luzaroan dirautela».

Clara Eíto sendagileak zehaztu duenez, «biztanle guztiak dira tratamendu-mota horretarako gai, baina egia da gaur egun artatzen ditugun paziente gehienak 45 urtetik gorakoak direla. Hala ere, adina eta sexua ez dira faktore erabakigarriak».

Gaur egun, prozesu onbera ez-tumoral ugari erradioterapia-indikazio potentzialtzat jotzen dira. «Patologia osteoartikularrean –artritisa, oin-zolako fasziitisa eta hezur-kisteak– erabiltzen da jada Zehatzago esanda, osifikazio heterotopikoaren profilaxia, periartritisa eta hezur-kiste aneurismatikoa ere aipa daitezke».

Halaber,ehun bigunen nahasmenduetan ere erabiltzen da«eta emaitzak onak dira» –, hala nola La Peyronie-ren, Dupuytren-en, Ledderhose-ren eta Graves-en gaixotasunetan, ginekomastian, keloideetan eta hidrosadenitis zorne-jariatzailean, besteak beste. «Kategoria horren barruan, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) dutenen gehiegizko listu-jariatze kasuetan eta guruin parotidako tumore linfoepitelial kistikoetan ere erabiltzen da erradioterapia».  

Azkenik, jatorri baskularreko patologietan, esaterako, «adinarekin lotutako makulako endekapenetan eta fistula linfatikoetan» ere erabil daiteke arrakastaz erradioterapia.

Tratamendu segurua

Nork bere kasua ikusita tratamendu erradioterapikoaz balia daitezkeela uste duten pazienteek beren medikuari kontsultatu behar diote aukera hori, edo IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Erradioterapikoko Unitatera jo norberari egokitutako aholkua jasotzeko.

«Erradioterapiaren erabilera tratamendu segurua da. Azken urteotan erradioterapiak garapen teknologiko izugarria izan du, eta, beraz, gaur egungo ekipo teknologikoek tratamendu-eremua ahalik eta zehatzen bistaratzeko aukera ematen dute. Gainera, patologia onberaren tratamenduan erabiltzen diren erradiazio-dosiak onkologian erabiltzen direnak baino askoz txikiagoak dira. Hori guztia dela eta, erradiazioaren ondorioz tumoreak sortzeko arriskua ia hutsaren hurrengoa da», amaitu du azaltzen IMQ Zorrotzaurre Klinikako espezialistak.