Iradokizunak
06.09.2024
Hainbat balioespenen arabera, datorren urtean 1.700.000 aldaka-protesi inguru jartzeko ebakuntzak egingo dira Europan. Belaun-protesien kopurua antzekoa da; izan ere, azken urteetan gorakada handia izan dute protesi horiek, eta etorkizunera begira, goranzko joera aurreikusi da. Gauza bera esan daiteke beste protesi-mota batzuei dagokienez, hala nola sorbalda-protesiei, gero eta ohikoagoak baitira. Hala ere, osasun-laguntzaren arrakasta hori ez litzateke erabatekoa izango errehabilitazio-prozesurik gabe, eta arlo horretan elkarrekin lan egiten dute, besteak beste, medikuntzako profesionalek (traumatologiako eta errehabilitazioko espezialistak), erizaintzakoek eta fisioterapiakoek.
Errehabilitazio-prozesu horretan, haatik, denbora urrea da. «Errehabilitazio-prozesua zenbat eta beranduago hasi, orduan eta okerragoa izango da pazientearentzat. Kirurgia osteko errehabilitazioari garaiz heltzeak, horren epeak laburtzeaz gain, erraztu egiten du pazienteak giltzadura-zurruntasun txikiagoa izatea, ehunen arteko atxikidurak txikiagoak izatea eta pazienteak berak adierazitako min subjektiboa txikiagoa izatea prozesuari hasiera ematerakoan», adierazi du Jon Achótegui, Bilboko IMQ Deustu errehabilitazio-zentroko fisioterapeutak, Fisioterapiaren Mundu Egunaren esparruan (irailaren 8a); izan ere, 1951ko irailaren 8an Fisioterapiaren Munduko Konfederazioa sortu izana gogora ekartzen da.
Hala,fisioterapeutaren hitzetan, «suspertze-prozesuari arintasuna ematea oso garrantzitsua da, tratamendua bezainbeste, batez ere, ebakuntza konplikatuetan edo adinekoengan. Ebakuntza kirurgiko baten ondoren, paziente askok nolabaiteko ziurgabetasun-maila dute errehabilitazioa hasi aurretik, zer gertatuko ote den; hortaz, errehabilitazioa ahalik eta azkarren hasiko dutela jakiteak lagundu egiten die bizkorrago, erosoago eta min txikiagorekin suspertzen, eta hori oso positiboa da».
Alderdi gehiagok ahalbidetzen dute, ordea, pazientea xede duen arreta, esaterako denbora errealean koordinatutako lana, asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko. «Igualatorion, ebakuntza ostean, traumatologoa pazientearekin elkartzen da puntuak kendu aurretik, eboluzio orokorra eta orbaintzea nola doan egiaztatzeko. Hortik aurrera, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, errehabilitazio-tratamenduaren hasiera planifikatzen da, puntuak kendu eta berehala hasteko. Hautatutako kasu batzuetan, jostura kendu aurretik ere has daiteke —baina ez erabat sakon—. Horrela, ez dago alferrikako atzerapenik, eta prozesua ahalik eta gehien arintzen da».
Zeren eta diziplina anitzeko lana funtsezkoa baita hain konplexuak diren osasun-prozesu horietan, hots, kirurgia osteko pazienteei dagozkienetan. «IMQn, bai Kirurgia Ortopedikoko eta Traumatologiako mediku espezialistek, bai Errehabilitazioko eta Medikuntza Fisikoko mediku espezialistek eta pazienteaz arduratzen den fisioterapeutek egunero ikus ditzakete horietako bakoitzak ematen dituen jarraibideak eta pazientearen bilakaeraren gaineko oharrak».
Horrela, «talde bat arduratzen da pazienteaz, ez profesionalak bereiz. Talde-lan horrek emaitza hobeak dakartza eta, gainera, pazienteak argi hautematen du eta biziki aintzat hartzen du. Pazienteentzat oso garrantzitsua da egiaztatzea osasun-prozesuan esku hartzen duten profesionalak koordinatuta daudela eta bere bilakaeraren berri dutela. Segurtasuna eta lasaitasuna sentitzen dute», azpimarratu du IMQ-ko fisioterapeuta Jon Achóteguik.
Pertsona eta erakunde burutsuen ezaugarria da aurrerapen teknologi berriek dakartzaten aukerez baliatzea. Duela urtebete, IMQ-k fisioterapia-zerbitzu digital berri bat abiarazi zuen, errehabilitazio-tratamenduari modu eroso eta pertsonalizatuan heltzeko.
Aplikazio berri horretarako, elkargokide diren fisioterapeutek sortutako euskal startup Fisify-ren laguntza du IMQ-k; hark adimen artifizialean oinarritutako plataforma digital osoa ematen du, zeinaren bitartez, 50 aldagai aztertu ondoren, sintomen lehenengo ebaluazioa egin daitekeen, ondoren, etxean egiteko ariketa terapeutikoen programa pertsonalizatua sortzeko.
Horrela, aplikazioa jaitsi eta zerbitzuan alta hartzen duten IMQ-ko bezeroek zerbitzu hau eskuratuko dute: «eguneroko tratamendu bat, fisioterapeuta baten jarraibideekin, pazientearen bilakaeraren araberakoa, edo, komenigarriagoa bada, plangintza zehatz bat, aste edo hilabete batzuetarako. Horrek erraztu eta erosoago egiten du errehabilitazio-tratamendua betetzea, pazienteak egunero egin baititzake dagozkion ariketak, une horretan ondoen datorkion unean eta tokian», azaldu du IMQ Deustu Errehabilitazio Zentroko fisioterapeutak.
IMQ-k 1.800 profesional baino gehiago, klinika pribatu nagusiak eta Euskadiko zentro mediko propioen Euskadiko sare handiena jartzen ditu herritarren eskura, eta zentro horietan errehabilitazioak gero eta zeregin nabarmenagoa du.
La técnica de rehabilitación de los deportistas de élite, ahora también en la Clínica IMQ Virgen Blanca
IMQ lanza un servicio de fisioterapia digital basado en inteligencia artificial
El Centro Médico IMQ Colón y el Centro de Rehabilitación IMQ Ajuriaguerra obtienen la acreditación ISO 9001 a su sistema de gestión de la calidad y servicio a los pacientes