Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Minbiziaren diagnostikoan eta tratamenduan izandako aurrerapenek pazienteen epe luzerako biziraupena bikoiztu dute azken 40 urteetan

02.02.2022

Minbiziaren diagnostikoan eta tratamenduan izandako aurrerapenek pazienteen epe luzerako biziraupena bikoiztu dute azken 40 urteetan
  • Minbizi-azpimota bakoitza zehazteko diagnostiko molekularrak, tratamendu farmakologikoan izandako berrikuntzekin batera, atea zabaldu die tratamendu eraginkorragoei eta toxikotasun txikiagoa dutenei.
  • Minbizia tratatzeko aurrerapenen artean, erradioterapiaren garapena ere nabarmentzen da, minbizidun pazienteen % 60k hartzen baitu.
  • Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) aburuz, minbizien % 30 eta % 50 artean prebenitu daitezke bizi-aztura osasungarriak hartzen badira.

Datozen urteetan munduan minbizi-kasuak ugaritzea aurreikusten duen testuinguru batean –hein handi batean biztanleriaren zahartzearekin lotuta–, Ricardo Fernández sendagileak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako Institutu Onkologikoko espezialistak, Minbiziaren kontrako Munduko Egunaren (otsailaren 4a) esparruan, datu esperantzagarri bat agerian jarri du: «diagnostiko goiztiarrak eta tratamenduan izandako aurrerapenek –medikoak eta erradioterapikoak barne–, paziente horien biziraupena bikoiztea lortu dute azken berrogei urteetan».

Onkologoak azpimarratu duenez, «IMQn badugu pazienteen tumoreei ikerketa molekular sakonak egiteko aukera, baita odoleko ikerketa molekularrak, ‘biopsia likidoa’ izenekoak, egitekoa ere». Diagnostiko molekular zehatzak «nabarmen» hobetu ditu tratamenduaren igurikimenak, «zuzen eta zehatzago bideratzea ahalbidetzen duelako. Minbizi-mota bakoitzak azpimotak ditu, zeinek bere ezaugarri propio eta espezifikoak ditu, eta guk badakigu horiek aurkitzen. Eta horien arabera zuzentzen da tratamendua».

Horri esker, «gaur egun, tratamendu batzuek ez dute kimioterapiarik behar, eta tratamendu horietan beste tratamendu batzuk erabiltzen dira, eraginkorragoak eta ez hain toxikoak, beste molekula mota batzuekin, akats genetiko espezifiko batera bideratzen direnak, tratamenduaren eraginkortasuna hobea izan dadin», adierazi du Fernández doktoreak.

IMQ-ko espezialista horrek azaldu duen bezala, «tratamendu farmakologikoa ez da kimioterapiara edo hormonoterapiara mugatzen. Badira diana molekular espezifikoetara zuzendutako beste batzuk ere, ‘terapia gidatua’ deitzen direnak, kasu askotan ahotik hartzeko medikazioak. Esaterako, pilula batekin egunean biriketako minbiziak tratatzeko gai gara, hainbat urtetan, baita etapa metastasikoetan ere».

Ahotik hartzeko medikazioko terapiak dauden moduan, «antigorputz monoklonalak zain barnetik ematen dira, eta, azkenaldian, baita larruazalpetik ere. Antigorputz horiek oso eraginkorrak eta espezifikoak dira tumore mota bakoitzerako, eta, gainera, ez dira hain toxikoak. Kimioterapia tratamenduaren alde garrantzitsua da oraindik, eta paziente askok jasoko dute, baina tumore-zelulen gainazaleko molekuletarako antigorputz monoklonalek askoz hobeak egiten dituzte ondorioak», azaldu du Ricardo Fernández sendagileak.

Gainera, antigorputz monoklonal horiek kimioterapia espezifikoarekin batu daitezke. «Horielakotan, antigorputz monoklonala, kimioterapia bati lotuta doana, tumore-zelularen gainazalean finkatzen da, haren barrura igarotzen da eta, zelularen beraren barruan, botika kimioterapikoa askatzen du. Horrela, farmakoak barrutik hiltzen du zelula, eta ez du toxikotasun orokorrik sortzen gorputzean. Aurrerapena da, pixkanaka, ezaugarri horiek dituzten sendagaien eskuragarritasuna ugaritzen joatea».

Aldi berean, «badaude botika immunoterapikoak, zeinen egitekoa den gure defentsak estimulatzea tumoreak arrotz gisa aitor ditzaten eta gure defentsek hil dezaten minbizia. Beste aurrerapen garrantzitsu bat da, duela gutxiko ikerketen emaitza. Eta IMQn dihardugunok horietako batean parte hartu dugu».

Erradioterapia: fotoi sendatzaileak

Minbizia oso konplexua da. IMQ Institutu Onkologikoko Onkologia Erradioterapiko arloko arduradun Clara Eíto doktoreak adierazi duenez, «minbizia 200 gaixotasun desberdin baino gehiagoko taldea da, eta gaixotasun horiek propietate biologiko oso desberdinak dituzte. Horiei aurre egiteko, erradioterapia garrantzi handiko elementua da pazienteen tratamendu integralean. Bakarrik ala beste tratamendu batzuekin koordinatuta erabilita, minbizi-mota asko sendatzeko edo kontrolatzeko aukera ematen du, eta pazienteen biziraupena hobetzen. Gainera, azken urteotan gehien aurreratu den osasun-teknologietako bat da, eta horri esker, tratatu beharreko eremuaren konformazio milimetrikoa lortu dugu; hortaz, tumorearen inguruko eremu osasuntsuak ahalik eta gehien babesten dira».

«Uste da erradioterapia minbizia duten pazienteen tratamenduen % 60an erabiltzen dela, eta ehuneko handi batean tratamendu hori sendagarria izango dela. Kontuan hartzen badugu urtero, Espainian, minbiziaren intzidentzia 680 kasukoa dela 100.000 gizoneko, eta 430 kasukoa 100.000 emakumeko, osasun-teknologia horrek minbiziaren aurkako borrokan duen garrantziaren berri ematen digute», agerian jarri du espezialistak.

Erradioterapia tratamendu lokala da, eta horretan fotoiak ematen dira azeleragailu lineal izeneko makinen bidez. Tratamendu horren helburua da tratamendu kirurgiko baten ondoren edo pazientea diagnostikatu berri denean geratu diren tumore-zelulak ezabatzea. Tratamenduaren helburua sendatzea ez denean, erradioterapia sintomak arintzeko, egoera jakin batzuk leuntzeko eta gure pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko erabil daiteke.

Onkologia erradioterapikoa azken 20 urteetan gehien garatu den espezialitateetako bat da. «Egun daukagun garapen teknologikoari esker, erradioterapia-tratamendu oso zehatzak egin ditzakegu, milimetrikoak, albo-ondorio eskasekin eta eraginkortasun handiarekin. Era berean, saio kopurua murriztea lortu dugu, tratamendu-denbora murriztu eta denbora laburragoan osorik egiteko, eta, horrela, pazientearen erosotasuna eta bizi-kalitatea ere hobetzen dira».

Gaur egun, IMQ-ko Onkologia Erradioterapikoko arloan «tratamenduak bost edo hiru saiotan edo saio bakarrean egiten ari gara. Hipozatikatuak deitzen diren tratamenduak dira, zeinetan irradiazio-dosi handia ematen den, eta sendatzeko probabilitate handia ematen. Datu objektibogarriak ditugu, duela zenbait urtetik hona garatzen ari garenak, hots, tolerantzia bikaina eta pazienteentzako bizi-kalitate oso ona lortzen dira. Adibidez, bularreko minbizi jakin batzuetarako, bost saiotako tratamenduak ezartzen ari gara, eta, beraz, pazienteak aste bakar batean amaitzen du tratamendua».

Eítopone doktoreak agerian jarri du IMQ Zorrotzaurre Klinikak «baliabide hauek dituela: 1.300 m2-tik gorako Asistentzia Unitate Integrala, minbizia diagnostikatu eta tratatzeko azken belaunaldiko ekipamendua (hala nola bi azaleragailu lineal biki, PET-TAC, gammakamera eta Da Vincidun kirurgia robotikoa,…), eguneko ospitale onkologikoa, banakako gelak pazienteentzat, farmazia onkologikoa, psikologia eta nutrizio gaietan laguntza emateko zerbitzuak eta etxeko ospitalizazioa, besteak beste, baita goi-mailako espezializazioa duten jakintza-alor anitzeko profesionalak eta asistentzia leuntzeko hainbat programa ere».

Euskadiko minbiziaren heriotza-tasa

Tumoreak –kasuen % 26– izan ziren 2020an lehen heriotza-kausa euskal herritarren artean. Hauek dira Euskadiko minbizi ohikoenak: kolon eta ondestekoa –ugariena, bi sexuen baterako intzidentzia neurtzen bada–, bularrekoa (ohikoagoa, emakumeengan), prostatakoa (ohikoena, gizonengan) eta biriketakoa.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aburuz, minbizien % 30 eta % 50 artean prebenitu daitezke bizi-aztura osasungarriak hartzen badira. Erakunde horren arabera, heriotzen herena inguru kausa hauek dituzte: tabakoa erretzea, gorputz-masaren indize altua, edari alkoholdunak edatea, fruta eta barazki gutxi jatea eta jarduera fisikorik ez egitea. Diagnostiko goiztiarra egiteak eta atzerapenak saihesteak pazienteen tratamendua eta bizitza nabarmen hobetzen dituzte.