Iradokizunak
28.11.2025
Gizonezkoen osasuna zaintzeko hilabete den Movember-en esparruan, IMQ Zorrotzaurren, Euskadiko ospitale pribatu nagusian, ateak zabaltzeko jardunaldi bat izan da, Urología Clínica Bilbaok antolatuta, eta horretan prostatako hiperplasia onberari eta prostatako minbiziari aurre egiteko aurrerapen teknologiak jorratu dira.
Urología Clínica Bilbaoko espezialista eta urodinamika unitatearen sortzaile eta buru Jorge Mora doktorea arduratu da edukiak azaltzeaz. Halaber, prostatako hiperplasia onbera diagnostikatu zaien pazienteei eta gernu-egitearen disfuntzioak diagnostikatu zaizkien gizon eta emakumeei azken teknologiekin arreta osoa ematen ere espezializatuta dago; halaber, esperientzia handikoa da prostatako laser-kirurgian eta zauri txikiko tekniketan, eta aintzidaria, ur bidezko ablazioan.
Edukiak bi teknologia berriren azterketan oinarritu ziren. Alde batetik, prostatako hiperplasia onberari dagokionez, AquaBeam robot-sistema aurkeztu zen. Teknologia horrek robot bidez kontrolatutako ur-zurrusta bat erabiltzen du hiperplasia onbera kasuetan soberan dagoen prostata-ehuna modu zehatz eta seguruan ezabatzeko. Bestalde, Focal One plataformaren erabileraz aritu zen: intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuak (HIFU) erabiltzen ditu, hautatutako paziente batzuengan, prostatako minbiziak jotako aldeak bakarrik tratatzeko, inguruko ehun osasuntsuak kaltetu gabe.
Mora sendagileak, ur bidezko ablazioan aurrendaria denak, azaldu zuenez, «prostataren hiperplasia onbera adineko gizonen patologiarik ohikoenetako bat da, eta, biztanleria zahartu ahala, horren munta areagotu egin da. Era berean, prebalentzia handitu egiten da adindu ahala, eta irizpide histologikoekin agertu da 50 urtetik gorako gizonen % 50 baino gehiagotan eta 90 urtetik gorakoen % 90ean. Hauek dira sintoma ohikoenak, besteak beste: gernu egitea berandutzea, jario ahula edo etena, gernu egin osteko tanta-jarioa, aldizkako gernu-egitea eta osatu gabeko gernu-egitea. Sintoma horiek, tratatzen ez badira, okerrera egingo dute denborarekin, eta pazienteen osasunari eta bizi-kalitateari eragingo diete».
Mora doktoreak bertatutakoei AquaBeam sistema robotikoa azaldu zien, soberan dagoen prostata-ehuna modu zehatz eta seguruan ezabatzeko robot bidez kontrolatutako ur-zorrotada batez baliatzen den teknologia, eremu horretan Urología Clínica Bilbao bide-erakuslea baita.
«Prozedura, Aquablation izenekoa, iraultza itzela da: uraren potentzia eta zehaztasun digitala bateratzen ditu prostatako hiperplasia onbera bisturi termikorik gabe tratatzeko; hala, odol-galera izateko arriskua murrizten du eta funtzio sexuala zein gernu-funtzioa zaintzen ditu, pazienteentzat funtsezkoak direnak», azpimarratu zuen.
Kirurgia robotikoan bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia izanda, Urología Clínica Bilbaoko taldeak teknika hori txertatu du «urologia moderno, zauri txikiko urologia eta pazientearen bizi-kalitatean oinarritutako urologiarekiko konpromisoaren» barruan.
Bestetik, Jorge Mora medikuak prostatako minbiziaren tratamendu fokalerako azken belaunaldiko konponbide den HIFU Focal One plataforma robotikoaren aukerak azaldu zituen. Sistema horrek doitasun handiko irudiak eta intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuko teknologia (HIFU) bateratzen ditu, eta horri esker, hautatutako paziente batzuengan, minbiziak jotako aldeak soilik tratatu daitezke, ehun osasuntsuak kaltetu gabe.
Irudi-teknika berriek, hala nola erresonantzia magnetikoak, mikroultrasoinuek eta medikuntza nuklearreko probek, hala nola PET PSMAk, «zehaztasun handiagoa ematen dute, eta, ondorioz, diagnostikoa zehatzagoa da. Horrek tratamendu fokala ahalbidetzen du, hau da, guruin prostatikoaren kokapen zehatzetan, beste tumore batzuei (giltzurrunekoak edo bularrekoak, esaterako) aurre egitean egiten den bezala. Horrela, prostata osoa erauzi beharrean, horrek dakartzan ondorioekin, gaixotasuna senda dezakegu diagnostiko hobeari, lesioen identifikazio zehatzagoari eta tratamendu fokaleko aukerei esker, guruina osorik erauzi beharrik gabe», azaldu zuen adituak.
Intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuek aukera ematen dute «beren eragina prostataren zati batera (hemiablazioa) edo soilik lesio nagusira mugatzeko, guruinaren gainerako zatiak eta egitura neurobaskularrak eta esfinterianoak ukitu gabe».
Mora sendagileak agerian utzi zuen tratamendu fokala «kontserbatzaileagoa» dela, eta aukera ematen duela «prostata erabat erauzteak dakartzan nahi gabeko hainbat ondorio saihesteko, hala nola gernu-ihesa eta pazientearen sexu-ahalmenari erasatea».
Tratamendu fokalaren alde onen artean, hauek nabarmendu zituen urologoak: «anestesia osorik gabe egin daiteke, prozedura anbulatorio batean, hainbat teknikaren artean aukera daiteke, eta doitasuna areagotzen duten irudiz gidatutako prozeduren bidez. Hala bada, pazientea 24 edo 48 orduko epean itzultzen da etxera. Hitz batez, tumorea tratatu dezakegu, ez prostata».
Un 25% de las mujeres y 7% de los hombres mayores de 40 años presentan el síndrome de vejiga hiperactiva
La mitad de las personas con incontinencia urinaria no acuden al especialista
Un tercio de las mujeres menores de 24 años ya ha presentado al menos un episodio de infecciones urinarias de repetición