Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

3.400 iktus inguru gertatzen dira urtero Euskadin

26.10.2022

3.400 iktus inguru gertatzen dira urtero Euskadin
  • Kasu guztietatik, 1.400 pertsona inguru hiltzen dira urtero. Horien % 80 prebenitu daitezke. % 52 gizonei gertatzen zaie eta % 48, emakumeei.

  • Adin-tarteei dagokienez, lau iktusen artean hiru inguru 65 urtetik gorakoei gertatzen zaizkie. Euskadin, iktusagatik 5.000 ospitale-alta baino gehiago daude urtean, eta harekin loturiko kostuak 35 miloi eurokoak direla kalkulatu da.

 

Urtero, 3.400 iktus gertatzen dira Euskadin. Horien % 80 prebenitu daitezke. Kasuen % 52 gizonei gertatzen zaie eta % 48, emakumeei, eta, urtero, 1.400 pertsona inguru hiltzen dira. Adin-tarteei dagokienez, lau iktusen artean hiru inguru 65 urtetik gorakoei gertatzen zaizkie. Euskadin, iktusagatik 5.000 ospitale-alta baino gehiago daude urtean, eta osasun-asistentziaren kostuak, errehabilitazioarenak barne, 35 miloi eurokoak direla kalkulatu da.

Iktusak gizonen eta emakumeen heriotza-kausa nagusien artean duen muntak agerian jarri du komeni dela herritarrak prebentzio-neurriekiko sentikor bihurtzea. Hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak, urtero, urriaren 29an, Iktusaren  Mundu Eguna dakarkigu gogora. Juan Carlos García Moncó sendagileak, IMQ Colón Zentroko Neurologiako espezialistak azaldu du lehenik bi iktus-moten artean bereizi behar dela: iskemikoa eta hemorragikoa. «Iktus iskemikoa gertatzen da garunaren alde batek jasotzen duen odol-fluxua nabarmen gutxitzen denean.Iktus ohikoena da (guztizkoaren % 85 inguru), eta horren azken ondorioa garuneko infartua da, odolak garraiatutako oxigeno eta mantenugaien ekarpenik ezak jotako garuneko zelulen heriotza eragiten duena».

Bestetik, garuneko hodi bat hausteak iktus hemorragikoa eragiten du. «Ez da iskemikoa bezain ohikoa, baina hark baino heriotza-tasa askoz handiagoa du. Hala ere, iktus hemorragiko batetik bizirik ateratzen direnen sekuelak ez dira hain larriak epe ertainera».

Sintomak igartzea

IMQ-ko neurologoaren hitzetan, «funtsezkoa da» sintomak igartzea eta goiz jokatzea. Hortaz, sintometako bat adierazi du, hain zuzen, gorputzaren alde batean indarra brastakoan galtzea edo alde hori paralizatzea. «Eskuarki, alde bereko aurpegiaren eta besoaren erdiak paralizatzen dira.Garuneko lesioaren kokapenaren eta tamainaren arabera, indarra galtzeak gorputzaren erdiari (hemiplegia) edo gorputz-adarretako bati (monoplegia) eragin diezaioke. Gorputzaren bi aldeei aldi berean eragiten badie, tetraplegia dela esaten da, eta, kasurik larrienetan, iktusak arnasketa zaildu eta konorte-maila murriztu dezake, koma eraginda».

Hipoestesia ere gerta daiteke, hau da, sentikortasunaren asaldua gertatzen dela indarra galtzen den alde berean; parestesia ere, sorgortze edo inurridura sentsazioa, eta afasia,hizkuntzaren nahasmendua. Hori hitzak ahoskatzeko zailtasuna izan daiteke (disartria), edo pazienteak ondo ahoskatutako hizkuntza izatea baina hitz baten silabak nahastuta, hitz batzuk beste batzuen ordez aldatuta, edo erabat inkoherentea ez den edo ulertezina den hizkuntza erabilita (afasia). Batzuetan, paziente afasikoak normaltasunez hitz egiten duela ematen du, baina ez ditu ulertzen ematen dizkioten agindu sinpleak, esaterako begiak ixtea edo beso bat altxatzea.

Ikusmen-alterazioa ere izan daiteke iktusaren sintoma eta, noiz edo noiz, sintoma bakarra. Kasu horietan, ohikoena izaten da ikusmen-eremuaren alde batean bat-batean ikusmena galtzea edo ikusmen bikoitza izatea. Ataxia, bat-batean oreka galtzea, eta bertigoa, objektuak biratzen direlako sentsazio subjektiboa, dira iktus baten ondoren ager daitezkeen sintoma batzuk.

Prebentzioa: iktusean arrisku-faktoreen gainean jokatzea

«Arrisku-faktoreak ezagutzeak iktusa eta beste patologia baskular batzuk saihesten lagun diezaguke, horietako asko bizimodua aldatzen, sendagaien bidez edo kirurgia bidez trata baitaitezke. Arrisku-faktore bat edo gehiago izateak ez du esan nahi nahitaez iktus bat izango denik», zehaztu du García Moncó doktoreak.

Hauek dira arrisku-faktoreetako batzuk: adina, zenbat eta adintsuago izan, orduan eta probabilitate handiagoa; sexua, ohikoagoa, gizonengan emakumeengan baino; herentzia, arriskua handiagoa da familiako aurrekariak dituztenengan; aurretik eritasun baskularra egotea; edari alkoholdun gehigi kontsumitzea (arteria-presioa igotzen du); erretzea (erretzaile aktiboentzat eta pasiboentzat); beste droga batzuk hartzea, sedentarismoa, obesitatea, diabetesa, arteria-presio altua eta kolesterol-maila altuak.

Nola jokatu iktusa gertatuz gero?

Iktus baten osteko lehen minutuak «nahitaezkoak» dira pazientearen bilakaeran; beraz, «ezinbestekoa da ospitalera lehenbailehen joatea. Irabazten den denbora galtzen ez den garuna da. Zenbat eta lehenago joan ospitalera, orduan eta garun-bolumen txikiagoa kaltetuko da modu konponezinean». Iktusa diagnostikatu ondoren, «arteria-tentsioa, bihotz-maiztasuna, tenperatura, gluzemia, oxigeno-saturazioa eta izan daitezkeen alterazio kardiologikoak kontrolatzen dira».

«Iktus iskemikoa gertatu eta lehenengo hiru orduetan, batzuetan, tratamendu bat eman daiteke buxatutako hodiaren buxadura askatzeko: tratamendu fibrinolitikoa esaten zaio horri, eta Neurologia Zerbitzuen Iktus Unitateetan ematen da. Kasu batzuetan, kateterismo batez (tronboktomia) tronboa ateratzen da. Iktus Unitate horietan, elikagaiak hartzeko eta esfinterra kontrolatzeko sor daitezkeen zailtasunak behatzen dira. «Era berean, gerta daitezkeen konplikazioak ere tratatzen dira, hala nola arnas infekzioak, gernu-infekzioak, gorputz-adarretako zainetako tronbosia, biriketako tronboenbolismoa eta beste batzuk. Azkenik, pazientea, noiz edo noiz, errehabilitazioa egin behar du», amaitu du azaltzen IMQ-ko  neurologoak.