Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Betekadagatiko nahasmendua jendeak uste baino askoz ohikoagoa da»

17.05.2022

«Betekadagatiko nahasmendua jendeak uste baino askoz ohikoagoa da»
  • Nerea Gil medikuak, IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak, ohartarazi du, obesitatea duten pazienteen maneiurako, askotan funtsezkoa dela osasun mentaleko espezialistekin koordinatzea.
  • IMQ-ko espezialistak obesitateari buruzko zortzi galderei erantzun die.

Urtero, maiatzaren 21ean, Europako Obesitatearen aurkako Egunean, osasun publikoko arazo horri merezi duen arreta sozial eta sanitarioa emateko egokitasuna gogora ekartzen da. «Obesitatea etengabe modu kezkagarrian ugaritzen den patologia da. Euskadiko obesitateari buruzko kopuruak Estatuko gainerako tokietan baino hobeak dira, baina, horrela bada ere, zerbait egin beharra dago denboran iraunkorra den gehikuntza hori saihesteko», adierazi du, IMQ-ko Endokrinologia eta Nutrizioko espezialista Nerea Gilek.

Sendagileak zortzi puntu azpimarratu ditu, «obesitatea bezalako fenomeno konplexua –gizabanakoari nahiz gizarteari dagokienez– hobeto ulertzeko lagungarri izan daitezkeenak». Hala nola obesitate eta osasun mentalaren arteko lotura, obesitateak bizitza sexualean duen eragina, Medikuntzak arazo horri aurre egiteko eskura dituen baliabideak edo obesitatearen osagai genetikoa.

Ezkutatzen al du arazo psikologiko bat obesitateak?

IMQ-ko espezialistak adierazi duenez, «askotan, sorgin-gurpil bat dago arazo psikologiko batzuen —antsietatea eta depresioa, adibidez— eta obesitatearen artean, eta zaila da bereiztea bi patologietatik zein sortu den lehenen. Biak daudenean, gurpil zoro hori sortzen da; hots, batzuetan, pertsona ez da emozionalki ondo sentitzen eta hobeto sentituko dela uste duelako jaten du, edo antsietatea baretzeko. Hala ere, portaera horrek pisua igotzea eta antsietatea eta depresioa okerrera egitea eragiten du».

Askotan, «arazoa ez da elikadura-jarraibideak ez ezagutzea, bulkada horiek ez kontrolatzea baizik. Horrelakoetan, funtsezkoa da Psikologia-Psikiatria eta Endokrinologiaren arteko koordinazioa. Elikadura-portaeraren nahasmendu asko dago anorexia eta bulimiatik baino askoz haratago. Betekadagatiko nahasmendua jendeak uste baino askoz ohikoagoa da».

Ba al dago ‘obeso zoriontsurik’ ala mitoa da?

«Oro har, beste gaixotasun batzuk izateko arriskua handitzea eragiten duen pisuak, eguneroko bizitzan konplikazioak eta murrizketak dakarzkizunak (ekintza errazetan ere, esaterako, kordoiak lotzea) edo ibiltzeko neke handiagoak edo arnasa hartzeko zailtasun handiagoak, ez zintuzkete zoriontsuago egin behar. Horrek ez du esan nahi obesitatedun pertsona bat saminduta egon behar denik, baina, osasun-profesionala naizen aldetik, uste dut zerbait egitea komeni zaiola egoera aldatzeko», adierazi du Gil doktoreak.

Baina, zergatik da kaltegarria obeso egotea?

Obesitatea arrisku-faktorea da beste patologia batzuentzat. «Esate baterako, 2 motako diabetes gozoa –Espainiako biztanleen %14ri eragiten dion gaixotasuna– izateko probabilitatea handitzen da; gaixotasun kardiobaskularrak –miokardioko infartua, iktusa eta beste batzuk– izateko arriskua ere handitzen da; garunaren gai grisari eragiten dio; minbizia izateko arriskua handitzen du; loaldiko apnea sustatzen du; antzutasun-kausa da, edo giltzaduretan arazoak eragiten ditu. Aurrekoaz gain, obeso batek infekziorik, esaterako, Covid-19a, badu, gaixotasun larria izateko probabilitate handiagoa izango du. Izan ere, SARS-CoV-2 birusak hantura eragiten du; gainera, obesitateak, oro har, gorputzean hanturazko egoera eragitea du bereizgarri».

Eraginik al du bizitza sexualean obesitateak?

«Zalantzatik gabe. Hainbat arrazoirengatik. Obesitateak berez testosterona-maila jaistarazten du gizonengan, eta arazoak eragin ditzake libidoan. Gainera, obesitateak duen pertsonak bere gorputzaren irudia gutxiesten badu, bere libidoa jaitsiko da eta antsietate eta depresio arazoak areagotuko zaizkio berriro», azaldu du adituak.

Oso pertsona obesoak pisu egokia lor dezake?

IMQ-ko espezialistaren aburuz, pisuaren eta egoera kliniko orokorraren menpe dago hori lortu ala ez. «Batzuetan, beharbada ez da beharrezkoa, ezta osasuntsua ere, pisu hori galtzea, eta errealistagoa izan daiteke obesitatetik gehiegizko pisura igarotzea, eta egoera hori denboran iraunkorra izatea. Pertsonak elikadura osasungarria ez badu eta ariketa fisikoa egiten ez badu, joera, batez ere pertsona obesoen kasuan, galdutako pisua berreskuratzea izango da».

Zein tratamendu du Medikuntzak?

Elikadura- eta ariketa-jarraibideak, «beti gure oinarrizko armak izan behar direnak», ez ezik, «pazienteen jangura eta asetasun-sentsazioa kontrolatzeko lagungarri diren botikak ere badaude eskura. Beti, mediku batek ikuskatuta».

Ama obesoen ume obesoak, obeso jaiotzen dira ala obeso egiten dira?

«Obesitateak osagai genetiko handia du eta faktore anitzeko gaixotasuna da. Argi dago familia-aurrekariek eragina dutela ume baten bilakaeran, baina ume horren elikadurak ere badu eragina». Beraz, ama obesoa duen umea ez dago obesitatea izatera behartuta: «agian gehiago kostatuko zaio, baina ohitura osasungarriak baditu hasieratik, ume obesoa izatea saihets dezake», adierazi du Nerea Gil sendagileak.

Gehiegizko pisutik obesitatera ez igarotzeko aholkuak:

IMQ-ko endokrinologoaren iritziz, arazoaz jabetzea da lehen urratsa. «Obesitatea duen pertsona askok bere arazoa gutxietsi egiten dute, eta uste dute gehiegizko pisua dutela, baina ez dakite benetan obesitate-zifretan daudenik». Eta gehiegizko pisuaren kasuan gauza bera gertatzen da: «pazienteak obesitateari benetan duen garrantzia eman behar dio; ez da arazo estetiko hutsa, batzuek uste duten bezala; patologia oso konplexua da, kronikoa eta, denboraren poderioz, hainbat osasun-konplikazio eragingo ditu».