Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Escherichia coli, Staphylococcus aureus eta Klebsiella pneumoniae, mikrobioen aurkakoekiko erresistentziaren protagonista nagusiak

15.11.2024

Escherichia coli, Staphylococcus aureus eta Klebsiella pneumoniae, mikrobioen aurkakoekiko erresistentziaren protagonista nagusiak
  • Osasun Ministerioaren datuen arabera, Espainian antibiotikoen kontsumoa beste herrialde batzuena –hala nola, Holanda edo Alemania– baino % 50 handiagoa da.

  • IMQ-ko barne-medikuntzako mediku Iban Cachorroren hitzetan, «Orain jokatzen badugu, zenbait azterlanek ohartarazi dutenez, 2050erako bakterio erresistenteek eragindako infekzioek mundu osoan urtean 10etik gora milioi heriotza eragitea ekidin dezakegu, horiek minbiziak eragindakoak baino gehiago baitira».

Antibiotikoekiko Erresistentziaren aurkako Plan Nazionalaren arabera (PRAN, gaztelaniazko sigletan), Espainian 4.000 heriotza inguru izaten dira urtean bakterio erresistenteek eragindako infekzioekin lotuta, eta kopuru hori trafiko-istripuena baino handiagoa da. Gainera, Espainia da antibiotikoen kontsumorik handiena duen Europako herrialdeetako bat; izan ere, Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dago. Europan, mikrobioen aurkakoekiko erresistentzien ondorioz 35.000 pertsona baino gehiago hiltzen dira.

«Datu horiek erakusten dute beharrezkoa dela pazienteak nahiz osasun-zientzien adar desberdinetako profesionalak ohar gaitezen mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia, hau da, mikroorganismoek beren aurka jarduten duten sendagaien ekintza saihesteko duten gaitasuna, benetako arazoa dela, eta oso larria», adierazi du IMQ-ko barne-medikuntzako mediku Iban Cachorrok, azaroaren 18an gogora ekartzen den Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako Egunean.

Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren datuen arabera, hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentea den Escherichiacoli bakterioak eragiten du gaixotasun-karga handiena azken urteetan, eta haren atzetik, metizilinarekiko erresistentea den Staphylococcusaureus delakoak eta hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentea den Klebsiellapneumoniae izenekoak.

«Antibiotikoak behar ez bezala erabiltzeak bakterioak erresistente bihurtzen laguntzen du, eta horrek zaildu egiten du lehen erraz senda zitezkeen infekzioen tratamendua», adierazi du adituak.

Hainbat ikerlanek erakutsi dutenez, lehen mailako arretako antibiotikoen preskripzioen % 30 arte alferrikakoak izan litezke. Gainera, Osasun Ministerioaren datuen arabera, Espainiako antibiotikoen kontsumoa Holandakoa edo Alemaniakoa baino % 50 handiagoa da.

«Funtsezkoa da pazienteek ulertzea antibiotikoak ez direla gaixotasun guztietarako sendabidea», azpimarratu du Cachorro doktoreak. «Birus-infekzioetan, hala nola hotzeria arruntean eta gripean medikamentu horiek ez dira eraginkorrak. Hala ere, biztanleriaren ehuneko handi batek kontrakoa uste du oraindik. Osasun-erakundeetan eta osasun-administrazioetan dihardugunok osasun-hezkuntza egokia azpimarratzen jarraitu behar dugu, antibiotikoak zuhurtziaz erabil daitezen».

Eurobarometroaren inkesta baten arabera, espainiarren % 47k uste du, okerki, antibiotikoak eraginkorrak direla birusen aurka. Gainera, % 20k onartzen du medikuaren agindurik gabe antibiotikoak hartu izana azken hamabi hilabeteetan.

«Orain jokatzen badugu, zenbait azterlanek ohartarazi dutenez, 2050erako bakterio erresistenteek eragindako infekzioek mundu osoan urtean 10etik gora milioi heriotza eragitea ekidin dezakegu, horiek minbiziak eragindakoak baino gehiago baitira», azpimarratu du IMQ-ko espezialistak.

Cachorro sendagileak jarraibide batzuk eman ditu antibiotikoak behar bezala erabil daitezen: «lehenik eta behin, beharrezkoa denean soilik hartu behar dira antibiotikoak, mediku batek errezetatuta. Mediku batek bakarrik egin dezake diagnostiko zuzena, eta kasu jakin batek tratamendu antibiotikoa behar duen erabaki».

Hotzeria edo gripea izanez gero, «medikuak antibiotikoak beharrezkoak ez direla erabakitzen badu, nahitaezkoa da pazienteak bere burua behar bezala zaintzea, ondo sendatzeko. Kasu gehienetan, immunitate-sistemak infekzio arinei aurre egin diezaieke. Antibiotikoak hartzeak ez du sendatzea errazten, ezta birusak beste pertsona batzuei kutsatzea saihesten ere». Hala ere, sintomek hobera egiten ez badute edo medikuak adierazitako epean okerrera egiten badute, komeni da kontsultara berriro joatea, medikuak berriz aztertzeko.

Gaixotasun jakin bat sendatzeko antibiotikoak errezetatu badira, medikuaren jarraibideak bete behar dira bakterio erresistenteak garatzeko arriskua minimizatzeko, eta horiek zuhurtziaz erabili.

Jarraibideak behar bezala betetzen ez badira, «hau da, adibidez, tratamenduaren iraupena laburtu egiten bada, dosi txikiagoa hartzen bada edo antibiotikoak medikuak agindutako une egokietan hartzen ez badira, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia berengana dezakete», azpimarratu du IMQko barne-medikuntzako espezialistak. «Bakterio erresistenteak organismoan gera daitezke, eta beste pertsona batzuei ere transmititu. Horren ondorioz, gaixoa eta beste pertsona batzuk arriskuan jartzen ditu, eta, kasuan-kasuan, antibiotikoak ez dira eraginkorrak izango gaixotasun berri baten ondorioz antibiotikoak beharrezkoak izango diren hurrengo aldian».

Azaltzen amaitzeko, Cachorro sendagileak gogorarazi du tratamendu baten ondoren sobera geratzen diren antibiotikoak ez direla erabili behar, eta behar bezala bota beharko direla; hortaz, etxeko botika-kutxak aldizka aztertzea aholkatzen du. «Iraungitako edo erabili gabeko sendagaien hondar guztiak eta horien ontziak, ezarritako bilketari atxikitako farmazietako SIGRE gunera eraman behar dira. Botikarekin kontaktuan egon diren ontziekin batera eraman behar dira (flaskoak, blisterrak, hodiak, aerosolak edo anpoilak, besteak beste), nahiz eta hutsik egon, horiek ere berariaz tratatu behar baitira. Halaber, sendagai-mota ezberdinak identifikatu ahal izateko eta horiei tratamendu egokia eman diezaien, kartoizko kaxaren barruan eta dagokion argibide-orriarekin batera bota behar dira SIGRE gunean», amaitu du azaltzen IMQ-ko barne-medikuntzako medikuak.