Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Gaixotasun kronikoak dituzten bi pazientetatik batek ez du egoki betetzen tratamendua

15.11.2023

Gaixotasun kronikoak dituzten bi pazientetatik batek ez du egoki betetzen tratamendua
  • “Botikek ez dute funtzionatzen horiek hartzen ez dituzten pazienteengan”.

  • Tratamenduarekiko atxikidura kaskar baten ondorioetako batzuk klinikoak (beranduago sendatzea), psikosozialak (bizi-kalitate txarragoa) eta ekonomikoak (gastu handiagoa) dira.

‘Atxikidura handiagoa, zeu osasuntsuago’ lelopean, Estatuko ospitaleetako 120tik gora farmazia-zerbitzuk, hala nola IMQ Zorrotzaurre Klinikakoak, Botikekiko Atxikidura eta Botikei buruzko Informazioaren 14. Egunaren oroitzapena egingo dute gaur. Egun horren xedea da pazienteek botikekiko atxikiduran duten protagonismoaz eta ospitale-farmazialariei pazienteen atxikidura sustatzeko dagokien zeregin garrantzitsuaz jabearaztea.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) honela definitu du “atxikidura” terminoa: paziente baten jokabidea medikazioa hartzeari, dieta baten jarraipenari edo bizi-ohituren aldaketari dagokienez zenbateraino egokitzen den osasun-profesionalarekin adostutako gomendioetara.

Kontu hori ez baita huskeria. IMQ Zorrotzaurre Klinikako ospitale-farmazialari Xabier Antón Méndezek adierazi duenez, «sintomarik gabeko gaixotasun kroniko baten tratamenduari uzteak baldintzatu egingo tratamenduaren arrakasta. Izan ere, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteetatik % 50ek ere ez du egoki betetzen agindutako tratamendua herrialde garatuetan».

Ondorioak

Ohiko esaldiak, hala nola “botikek ez dute funtzionatzen horiek hartzen ez dituzten pazienteengan” esaera, pazienteak errutina egokirik ez ezartzearen eta porrot terapeutikoaren arteko loturaz ari omen dira. Baina, zein ondorio du egiatan tratamenduarekiko atxikidurarik ezak?

«Lehenik, ondorio klinikoak. Esaterako, erantzun terapeutiko kaskarra (beranduago sendatzea, berriro gaixotzeko probabilitatea edo maiztasuna handitzea, konplikazioak agertzea); tratamenduaren eraginkortasuna urria dela uste izatea, zeinaren ondorioz botikaren dosia handitu edo txikitzen den; edo hasierako tratamenduaren ordez, behar ez denean, kaltegarria izateko arriskua dakarren beste bat hartzea», xehatu du Xabier Antónek, eta, horren harira, arrisku honetaz ere ohartarazi du: «etxekoak (esaterako, umeak) intoxikatzeko arriskua edo automedikazioagatiko arriskua, pazienteak hartzen ez dituen botikak alferrik pilatzen direlako etxean».

Ondorioak ez dira hor amaitzen, ordea. «Ondorio psikosozialak ere badaude, hala nola pairamen fisikoa, konplikazioek edo sekuelek dakartenak, edo, bestetik, pazientearen bizi-kalitateak okerrera egitea, behar ez bezalako atxikidurak gaixotasuna beranduago sendatzea baitakar».

Ekonomikoak ere izan daitezke ondorioak: «kontsumintzen ez diren botiketan gastu ekonomikoak gora egiten du edo galera ekonomikoak gertatzen dira desegoki tratatutako gaixotasun baten ondorioz lana huts egiteagtik, besteak beste».

Ezjakintasuna

Baina, pazienteak ba al daki jakin beharrekoa atxikiduraren esanahiaz, hori baldintzatzen duten faktoreez eta atxikidurak tratamenduaren helburuak betetzeko duen garrantziaz?

«Tratamendu batekiko atxikidurak hainbat faktore barne hartzen ditu, pazientearekin, horren ingurunearekin, medikazioarekin eta osasun-arretaren kalitatearekin lotuta daudenak. Lehenik, medikuak agindutakoak eta farmazialariak pazienteari ematen dion informazioak markatzen dituzte tratamenduan jarraitu beharreko oinarriak. Funtsezkoa da, beraz, indikazioak argiak eta zehatzak izatea, pazienteak egoki interpreta ditzan. Hortaz, nahitaezkoa da sendagilea gai izatea informazioa laburtzeko azalpenak emateko, pazienteak ondo uler ditzan», azpimarratu du IMQ-ko ospitale-farmazialariak.

Tratamendua hasi ondoren, senideen eta lagunen babesa eta hainbat gizarte-tresna eskura izatea ezinbestekoak dira pazientea gertatzen ari denaz jabe dadin. Laguntza- eta euskarri-ingurune egokia izateak erraztu egiten baitu tratamendu berri bat hasten duen pazienteak tratamenduarekiko atxikidura arrakastatsua izatea.

Adituak hau azpimarratu du bereziki: «ingurune onuragarri batek duen eragin positiboa paziente kalteberenengan, hala nola haurrengan, adinekoengan, desgaitasun bat dutenengan edo gaixotasuna edo tratamendua ulertzeko zailtasunak dituztenengan». Eta, horielakoetan, ospitale-farmazialaria ezinbestekoa ohi da.

Halaber, medikazioarekin loturiko atxikidura-ezaren arrisku-faktoreak ere badaude, hala nola dosifikazioaren maiztasuna, tratamenduen iraupena eta nahi gabeko ondorioak egotea (nahi gabeko zenbat eta ondorio gehiago egon, orduan eta txikiagoa izango da tratamenduarekiko atxikimendua).

«Horiek dira nahi ditugun oraina eta geroa. Pazientea erdian jartzeko unea da; bere egoera nola ulertzen duen entzutea, tratamendua hasi aurretik, eta, ahal den neurrian, baliozkotutako galdetegiak, emaitzen neurriak eta pazienteak informatutako esperientziak (Patient Reported Outcomes Measures, PROM, eta Patient Reported Experience Measures, PREM) erabil daitezen inplementatzea, pazienteari merezitako protagonismoa emateko», amaitu du azaltzen IMQ-ko ospitale-farmazialariak.