Iradokizunak
27.10.2025
«Euskadin 5.000 iktus inguru gertatzen dira urtean, bost mila eta sei mila bitartean, urtearen arabera. Espainia osoan, 120.000 eta 130.000 bitartean. Ameriketako Estatu Batuetan, hots, biztanle ugariko herrialdea den horretan, esaterako, 750.000 eta 800.000 bitartean gertatzen dira urtean. Gainera, iktusa da emakumeen lehen heriotza-kausa Euskadin eta autonomia-erkidego guztietan, eta hirugarrena gizonen artean. Eta pertsona helduen desgaitasun-kausa nagusia».
IMQ Zorrotzaurre Klinikako neurologo Juan Manuel García Sánchez doktoreak, Iktusaren Mundu Eguna -urriaren 29a- dela eta, ezagutzera eman dituen kopuru horiek patologia horrek pazienteei eta horien senideei dakarkien larritasuna agerian jarri dute.
«Iktusa duten pertsonen % 25 inguru hiltzen da. Beste % 25ek ondorio handiak ditu, zeinek mendeko bihurtzen dituen. Beste % 25 autonomo geratzen da, baina sekuelekin. Eta gainerako % 25a sintomarik gabe geratzen da», zehaztu du.
Iktusa garun-ehunari odol-ekarpenik ez egitea da, eta garuneko infartu ere esaten zaio. Iktus gehien-gehienak, % 85, iskemikoak dira: horietan, odol-hodia buxatzen du tronbo batek, ez baitu uzten odola pasatzen eta, ondorioz, ez oxigenoa ez elikagaia (glukosa kasu horretan) ez dira ehunetara iristen. Hodi horrek odoleztatzen duen ehuna kaltetu egiten da eta zelulak hiltzen dira; hain zuzen, hori esan nahi du infartu hitzak: zelulen heriotza oxigeno-ekarpen faltagatik
Iktusen beste % 15 iktus hemorragikoak dira. Iktus-mota horretan, odola hoditik ateratzen da. Garuneko odoljarioa da, eta zelulen heriotza ere eragiten du, odol-ekarpenik ez dagoelako eta odolak garuneko ehunean duen narritaduragatik.
«Tratamenduan garrantzitsuena iktusa lehenbailehen identifikatzea da. Adi-adi egon beharra dago, gauzak une batetik bestera aldatu egiten direlako. Zerbait akutua da. Ohikoena da ezpain-komisura desbideratzea edo gorputz erdian edo gorputzeko zati batean indarra galtzea, batez ere alde bateko besoan edo hankan. Hizkuntzan nahasmendua ere gerta daiteke, dela hizkuntzaren igorpenarena, dela ulermenarena», adierazi du IMQ Zorrotzaurre Klinikako neurologoak
Aurreko zantzu horietako bat pazientearengan badago, baliteke iktusa izatea kasuen % 70ean. Bi seinale badaude, probabilitatea % 80ra igotzen da. Eta hiru badaude, kasuen % 85ean baino gehiagotan.
Zantzu horiek agertzen direnean, kaltetutako pertsona ospitalera eraman beharko da. Onena Larrialdiei abisatzea da, iktusaren susmoa izanez gero zein baliabide dagoen badakitelako, eta Iktus Kodearen prozedura abian jarriko da. «Iktus Kodea antolaketa-sistema bat da, zeinaren bidez, sintomaren bat agertzen denean, koordinazioek pazientea zentro egokienera azkar eramaten duten. Pazientea lehenbailehen eramaten da larrialdi-zerbitzu batera, eta bertan mediku batek aztertzen du eta, egoki baderitzo, guardiako neurologoari abisatzen zaio, egokitzat jotzen badu, birbaskularizazio-tratamenduak jartzeko», azaldu du Juan Manuel García Sánchez sendagileak.
Norbaitek arestian aipatutako sintomaren bat badu, ez da ohean sartu behar, ez da itxaron behar, ea pasatzen den. «Beti kontsultatu behar da; izan ere, iktusaren fase akutuan jar daitezkeen tratamenduak, hala nola hodi buxatua birbaskularizatzea edo, odoljariorik balego, odoljarioa erraztu dezaketen tratamenduak kentzea edo tentsioa murriztea odoljarioa handitu ez dadin, lehenbailehen artatu behar dira. Hala, hodia birbaskularizatu daiteke kasu iskemikoetan, edo odoljarioak tratatu eta ondorioak murriztu. Beti gogoan izan behar da iktus baten fase akutuan denbora garuna dela», azpimarratu du espezialistak.
Garrantzitsua da jakitea istripu zerebrobaskularretan arrisku baskularreko faktoreak, kasuen ia % 85ean edo 90ean daudenak, kontrolatuz gero —tentsio arteriala, hiperkolesterolemia, diabetesa, toxikoak (tabakoa eta alkohola) eta sedentarismoa—, gehien jota, iktusen % 80a prebenitu litezkeela.
Ezin denez kontrolatu aldagarria ez dena, adina eta genetika kasu, faktore horiek kontuan hartu beharko lirateke eta ahalik eta gehien kontrolatuta egon beharko. Arrisku-faktoreen bidez, lehen eta bigarren mailako prebentzioa egiten da.
Ohikoena den iktus iskemikoaren fase akutuko tratamendua –horregatik dago Iktus Kodea- hodia birbaskularizatzean datza, ahal bada eta egokia bada. «Hodi handi batean buxadurarik badago, tratamendu farmakologiko baten bidez egin daiteke —fibrinolitikoak, tronboa disolbatzen saiatzeko injektatzen diren botikak— edo tronbektomia mekaniko bidezko birbaskularizazio-tratamenduaren bidez –kateterismo edo muskulu barneko tratamendu gisa ezagutzen dena. Kasu horietan, izter-bena bat sastatzen da eta tronboa dagoen tokiraino iristen da, eta ateratzen saiatzen da. Askotan, lortu egiten da». Hala ere, adituak dio adierazitako kasuetan ere bi tratamenduak bateratu egiten direla. Hodi txikiko iktusetan, sintomak hasi eta 4,5 ordura egin daiteke tratamendu farmakologikoa.
Iktus hemorragikorik gertatzen bada, odoljario-eremua handitzen duten faktoreak kontrolatzean datza tratamendua, hori baita iktusaren larritasunean eragina duen alderdietako bat. Horretarako, tentsioa eta beste bizi-konstante batzuk kontrolatzen dira.
Prebentziorako, antiagregatzaileak erabili ohi dira iktus aterotronbotikoetarako, edo antikoagulatzaileak, iktus enboliko edo kardioenbolikoetan. «Batez ere, mezua da, susmorik izanez gero, kontsultatu egin behar dela», azaldu du.
Neuroerrehabilitazioari dagokionez, «batzuetan ez da posible, baina beste askotan bai, eta, garunaren plastikotasunari esker, garuna lesiora egokitzea eta galdutako funtzionaltasunaren zati bat berreskuratzea ahalbidetzen du. Gainera, errehabilitatzaileek gorputzeko beste baliabide batzuk erabiltzen irakasten diete pazienteei beren helburuak lor ditzaten. Garrantzitsua da errehabilitazioa iktusaren hasieratik martxan jartzea», azaldu du IMQ Zorrotzaurre Klinikako neurologoak.
Recuperación de la autonomía personal tras un ictus
Expertos destacan la importancia de reconocer los síntomas del ictus
La hipertensión arterial es el principal factor de riesgo para sufrir un ictus