Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

IMQ Taldea mobilizatu egin da emakumeen aurkako indarkeriaren aurka eta sare osoan sentsibilizazio ekintzak egingo ditu

24.11.2026

IMQ Taldea mobilizatu egin da emakumeen aurkako indarkeriaren aurka eta sare osoan sentsibilizazio ekintzak egingo ditu
  • IMQ Taldeak A25arekin bat egin du genero-indarkeria orotan zero tolerantzia agertzeko Manifestu baten bidez eta profesionalei, pazienteei, egoitzako adinekoei, familiei eta herritarrei zuzendutako ekintzen bidez.

  • IMQ Taldeak prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta laguntzaren zeregina aldarrikatzen ditu, osasunaren eremutik bertatik, Euskadiko milaka emakumeri eragiten jarraitzen duen errealitateari aurre egiteko.

Azaroaren 25a - Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, IMQ Taldeak indartu egin du genero-indarkeriaren aurkako konpromisoa. Horretarako, sentsibilizazio-programa mamitsua ezarri du taldearen zentro eta sozietateetan. Era berean, indarkeria-mota horri aurka egiteko jarrera eta konpromisoak bildu dituen Manifestua zabaldu du.

Arazoaren muntak gizarte osoaren inplikazioa behar du oraindik ere. Izan ere, 2026ko urtarriletik irailera bitartean bakarrik Ertzaintzak 4.814 emakume jo zituen indarkeria matxistaren biktimatzat, eta 6.032 biktimizazio zenbatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren datuen arabera. Joerak, gainera, gorantz jarraitzen du: Emakunderen abuztura arteko datuek erakusten dute emakume biktimen kopurua % 10,6 hazi dela eta biktimizazioak % 12,3, 2025eko aldi berarekin alderatuta. Zenbaki horiek agerian utzi dute gizarte-arazo larri horrek badirauela eta, hortaz, prebentzioa eta detekzioa beharrezkoak direla eta biktimei laguntzen jarraitu behar dela.

IMQ Taldearentzat genero-indarkeria giza eskubideen urraketa onartezina ere bada, eta osasun-arazo larria, pairatzen duten emakumeengan eta haien ingurunean ondorio fisiko eta psikologiko handiak dakartzalako. Ikuspegi horretatik, konpainiaren Manifestuak hamar konpromiso ezarri ditu, hala nola zero tolerantzia, prebentzioa, detekzio goiztiarra, entzute aktiboa eta konfidentzialtasuna, laguntza integrala, lan-ingurune seguruak eta berdinzaleak sortzea, sentsibilizazioa eta etengabeko prestakuntza eta erantzukidetasun sozialala.

Konpromiso bera eramango da erakundearen eguneroko espazioetara ere. Hortaz, azaroaren 23tik 29ra bitartean, IMQ Taldearen mezu elektronikoen sinadurek genero-indarkeriaren aurkako kanpainaren irudia txertatuko dute, eta bulegoetako, IMQ Seguros-en zentroetako, hortz-kliniketako eta zentro medikoetako pantailetan ikusgai egongo da. Manifestua langileei ezagutaraziko zaie, intranet bidez, eta sare sozialen eta beste komunikazio kanal batzuen bitartez zabalduko da.

IMQ Zorrotzaurre Unibertsitate Ospitaleak bertoko Berdintasun Batzordearen hamargarren urteurrena baliatuko du berdintasunaren aldeko lana profesionalei, pazienteei eta laguntzaileei ezagutarazteko. Era berean, informazio-stand bat, berdintasunari buruzko materialak, irakurmena sustatzeko Txoko More bat eta txapen banaketa izango dira sentsibilizazio ekintzetako batzuk.

Sentsibilizazioa IMQ Igurcoko eguneko zentroetara eta egoitzetara ere iritsiko da. Hortaz, adinekoek, profesionalek eta familiek hainbat proposamenetan parte hartuko dute, hala nola horma-irudi kolektiboetan, bideoetan, solasaldietan, tailerretan eta ekintza komunitarioetan, zenbait balio sustatzeko: errespetua, askatasuna, berdintasuna eta tratu onak, besteak beste. Bilbozar egoitzan, adibidez, adinekoek eta profesionalek auzoan egingo den kalejira baten parte hartuko dute, segurtasunik gabekotzat jotako espazioak agerian jartzeko, eta beste zentro batzuek era askotako ekimenak jorratuko dituzte, esaterako Askatasunaren tximeletak, Tratu onen zuhaitza, Loratzea edo Indarkeriaren aurkako sare bat ehuntzen.

IMQ Prevención erakundeak lan-arloan indartuko du sentsibilizazioa, eta, horretarako, azaroaren 25a dela-eta infografia espezifiko bat zabalduko du. Zuzeneko mezu batzuen eskutik –«Zaintzea ez da kontrolatzea», «Sinesten zaitugu» edo «Jazarpena ere lan-arloko arriskua da»–, ekimenak lan-inguruneetan ere kontrol eta jazarpeneko portaerak identifikatzeak eta prebenitzeak duten garrantzian jarriko du arreta, eta entzutean, errespetuan, laguntzan, konfiantzan eta askatasunean oinarritutako lantokiak sustatuko ditu.

IMQ Análisis Clínicos sozietateak ere bat egingo du egun horretako ekintzekin, hainbat sentsibilizazio-ekintzaren bitartez. Azaroaren 23tik aurrera, sozietatearen hiru zentro nagusiek Gobernuaren Ordezkaritzak genero-indarkeriaren aurka egindako kanpainaren kartelak ikusgai jarriko dituzte. Halaber, azaroaren 25ean, IMQ Análisis Clínicoseko Berdintasun Batzordearekin batera sinatutako komunikazio bat bidaliko zaie langile guztiei. Komunikazio horrek bereziki aintzat hartuko ditu erakundearen Berdintasun Plana eta Jazarpen Protokoloa, eta IMQ Taldearen Manifestua eta Gobernu Ordezkaritzaren sentsibilizazio-bideo bat txertatuko ditu. Ekimenaren helburua da emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako konpromisoa lan-ingurunera bertara eramatea, informazioa, prebentzioa eta babes-mekanismoak indartuz.

Ekimen horien eskutik, IMQ Taldeak gogorarazi nahi du emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea ezin dela data jakin batera mugatu. Konpainiaren Manifestuak jaso duen bezala, pertsonen osasuna, ongizatea eta bizitza babesten dituen erakunde gisa duen izateko arrazoiarekin bat datorren eguneroko erantzukizuna da. Ez dagoelako osasun eta babes posiblerik bizitzan berdintasunik ez badago eta indarkeria badago.