Iradokizunak
14.05.2025
Euskadin, zenbatespenen arabera, 20.000 pertsona inguruk dute zeliakia, aurrejoera genetikoa duten pertsonengan glutena hartzeak eragindako gaixotasun autoimmunea, eta horietako askori ez zaie diagnostikatu. Espainian eta Europan biztanleria osoaren % 1 inguruko prebalentzia duen arren, espezialistek nesken eta mutilen diagnostikoan gorakada gertatzen ari dela egiaztatzen dute.
Oro har, umeen zeliakia-diagnostikoek gora egin izanak hainbat faktore du atzean, eta horietako bi dira garrantzitsuenak. «Lehenik, gaur egun hobeto detektatzen dira kasuak, teknika diagnostikoetan izandako aurrerapenei esker (proba serologikoak eta gastroskopiaren bidez biopsia duodenalak hartzea); horri esker, kasu gehiago identifika daitezke, forma atipikoak edo asintomatikoak barne», azaldu du María Legarda sendagileak, IMQ-ko Gastroenterologia, Hepatologia eta Haurren Nutrizioko espezialistak.
Bigarrenez, adituak ingurumen-faktoreak adierazi ditu: «Bizi-ohituretan eta dietan izandako aldaketek eta haurtzaroan infekzioak izanak eragina izan dezakete gaixotasunaren garapenean».
Gaixotasun zeliakoa garatzeko, funtsezko hiru elementu behar dira: alde batetik, aurrejoera genetikoa (HLA-DQ2 edo HLA-DQ8 geneen eramailea izateak arriskua areagotzen du) eta, bestetik, glutena kontsumitzea; proteina hori, hala nola garian, garagarrean, zekalea eta oloan dago. Gainera, «oraindik ezezaguna den faktore abiarazle batek egon behar du, aurrejoera genetikoa duten pertsonengan gaixotasuna garatzen hasteko», adierazi du IMQ-ko espezialistak.
Edozein adinetan ager badaiteke ere, ohiko sintomak 24 hilabeterekin agertzen dira. Ohikoagoa da neskengan mutilengan baino (gutxi gorabehera, 1,5 neska mutil bakoitzeko).
María Legarda doktoreak azaldu duenez, sintomak aldatu egiten dira adinaren arabera. «Ume txikiek beherako kronikoa, sabeleko hantura, idorreria eta gorotz zurbilak izan ditzakete. Hauek ere ager daitezke: hazkundearen atzerapena, pisu txikia edo altuera txikia, burdin eskasiagatiko anemia (burdina gaizki xurgatzen delako), apatia, suminkortasuna eta hortzetako arazoak». Nerabeengan, sintoma hauek: «abdomeneko min errepikatua, idorreria, burdin eskasiagatiko anemia eta pubertaroaren atzerapena».
Zenbatespenen arabera, gaixotasun zeliakoa duten pazienteen senideek gainerako herritarrek baino hamar aldiz arrisku handiagoa dute gaixotasuna izateko.
Adituak adierazi du gaur egun gero eta paziente gehiagok ez duela sintomarik, eta egoera batzuetan handiagoa dela gaixotasun zeliakoa garatzeko arriskua, esaterako: «paziente zeliakoen lehen mailako senideak, A immunoglobulinaren (IgA) gabezia, Down-en sindromea, I motako diabetes mellitusa eta tiroiditis autoinmunea, besteak beste».
«Zeliakia informazio egokiarekin eta komunitatearen laguntzarekin kudea daitekeen erronka da. Gastroenterologia pediatrikoko espezialista naizen aldetik, familiak animatzen ditut edozein sintoma edo susmorik badago diagnostiko goiztiarra bilatzera, umearen garapen osasungarria bermatzeko», adierazi du María Legarda sendagileak, eta, halaber, gogorarazi du gaixotasun zeliakoa eta glutenarekiko sentikortasun ez zeliakoa bereizi behar direla.
Eritasun zeliakoa hainbat probaren bidez diagnostikatzen da: proba serologikoak, hesteetako biopsiak eta proba genetikoak. 2012. urteaz geroztik, ume batzuei biopsiarik egin gabe diagnostikatu ahal zaie, antigorputzen mailak oso altuak badira eta zenbait irizpide kliniko betetzen badute.
Tratamenduei dagokienez, benetan eraginkorra den bakarra «dietatik glutena guztiz kentzea da. Horrek hesteak birsortzea ahalbidetzen du, eta hainbat konplikazio, esaterako, osteoporosia edo linfomak saihesten ditu. Aztarna txikiek ere hesteetako hantura susper dezakete».
Egoera horren aurrean, osasun-komunitatea terapia berriak ikertzen ari da gaur egun, hala nola «glutenarekiko tolerantzia eragiteko txertoak, proteina horrekiko erantzun immunea blokeatzen duten botikak edota gaitasun immunogenikorik gabe genetikoki eraldatutako zerealak», azaldu du IMQ-ko Gastroenterologia, Hepatologia eta Haurren Nutrizioko espezialistak.
Badaude glutenik gabeko produktuen zerrenda eguneratuak ezagutarazten dituzten elkarteak. Informazio fidagarria ere badago Gastroenterologia, Hepatologia eta Haurren Nutrizioaren Espainiako Sozietatearen webgunean.
Euskadin, Euskadiko Elkarte Zeliakoek (ACE/EZE), maiatzean, hilabete zeliako nagusian, jarduera-programa joria programatu dute hiru lurraldeetan, eta hori web-orrian osorik eskuragarri dago. Jardueretan parte hartu nahi duenak harremanetan jarri beharko da EZE, EZEBA eta EZEGUI elkarteekin (jarduera antolatzen den lurraldearen arabera).
Los médicos advierten de la importancia de distinguir el diagnóstico entre la celiaquía y la sensibilidad al gluten no celíaca
El 30% de la población vasca presenta el haplotipo genético vinculado al riesgo de padecer celiaquía