Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

Kontzebitu baino hiru hilabete lehenago hasi behar da haurdunaldia prestatzen

18.11.2022

Kontzebitu baino hiru hilabete lehenago hasi behar da haurdunaldia prestatzen
  • Kontzebitu aurreko kontsultaren helburua da kontzebitu aurretik optimiza daitezkeen baldintza sozialak eta medikoak identifikatzea, amarenak zein aitarenak, jaiotza inguruko emaitza hoberen baten aukerak areagotzeko.

  • Haurtxo bat hodi neuralaren akats batekin –hala nola arantza bifidoa– jaiotzeko arriskua, neurri handi batean, murriztu egingo da kontzebitu aurretik eta haurdunaldiaren lehen asteetan azido folikoa osagarri moduan hartzen bada.

«Haurtxo bat edukitzeko erabakia ezagueraz eta modu planifikatuan hartu behar da, jaiotza inguruko emaitza hoberena izan dadin. Hortaz, kontzebitu aurreko kontsulta ugaltzeko adinean dauden emakume guztiei eskaini beharko litzaieke», adierazi du IMQ-ko emagin Pilar Costillasek. Eta hori ez da txikikeria, zeren eta EUROCATen txostenaren arabera, hodi neuralaren akatsak (DTN) (hala  nola anentzefalia, arantza bifidoa, eta meningozelea) 1.000 haurduntzatatik batean gertatzen baitira, gutxi gorabehera, Europan, eta, Euskadin, 13 haurduntzari urtean.

«Anentzefalia beti da hilgarria. Arantza bifidoak eta meningozeleak desgaitasun larriak eragiten dizkiete bizirik dirautenei. Arantza bifidoak hodi neuralaren akatsen erdia baino gehiagori eragiten die. Gainera, hodi neuralaren akatsen bat duten haurduntza gehienak hautxoa jaio aurretik diagnostikatzen dira. Hala ere, kasu arin batzuk inor ohartu gabe gerta daitezke, haurtxoa jaio ondoren ere. Eta litekeena da sintomarik gabeko kasu oso arinak inoiz ez detektatzea», azpimarratu du emaginak.

Azaroaren 21a Arantza Bifidoaren Egun Nazioanala izendatu izanak, zuzenean gogorarazten ditu paziente horien eta beren familien premiak; halaber, zeharka, ahotara ekartzen du kontzebitu aurreko kontsultak duen garrantzia.

Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Sozietatearen hitzetan, «kontzebitu aurreko osasun-asistentziaren helburua da kontzebitu aurretik optimiza daitezkeen baldintza sozialak eta medikoak identifikatzea, amarenak zein aitarenak, jaiotza inguruko emaitza hoberen baten aukerak areagotzeko. Emakumearen haurdunaldiko osasuna kontzebitu aurreko bere osasunaren araberakoa denez, kontzebitu aurreko aldian ematen den asistentzia jaio aurreko asistentziaren partetzat jotzen da».

Eta, zertan datza kontzebitu aurreko  kontsulta? Kontsulta horretan egin beharreko ekintzak, arrisku obstetrikoa ebaluatzera, heziketa-ekintzak eta osasuna sustatzeko ekintzak egitera eta osagarri farmakologikoak gomendatzera bideratuta daude.

«Haurdun gelditzeko asmoa baino hiru hilabetetik sei hilabetera bitartean egin behar da kontsulta hori, eta hainbat proba barne hartzen ditu, hala nola azterketa orokor eta ginekologiko egokia, laborategiko probak eta bizi-konstanteak, pisua eta tentsio arteriala neurtzea. Halaber, oinarrizko analisi bat ere, odol-taldea eta Rh faktorea eta infekzioen (errubeola, sifilisa, B eta C hepatitisa eta GIBa; eta Zika eta Chagas-en gaixotasuna, eremu endemikoetako emakumeengan) serologiak ezagutzeko, baita umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-proba eguneratzea ere», azaldu du IMQ-ko emaginak.

Kontzebitu aurreko aldia «unerik hoberena» da eritasun kroniko bat duen emakume baten etorkizuneko haurdunaldirako asistentzia hasteko; izan ere, «aukera ematen du gaixotasuna aztertzeko haurdunaldiak ezartzen dituen mugarik gabe, proba diagnostikoak egin eta interpretatzeko, haurdunaldia hasi aurretik emakumea osasun-baldintza onenetan egon dadin, eta haurdun gelditzeko unerik egokiena hautatzeko, eta umekia farmakoekiko esposiziotik babesteko neurriak hartzeko eta bestelako ekintza diagnostiko edo terapeutikoak egiteko fetuaren garapenaren lehen asteetako aldi kritikoan zehar».

Hezi eta osasuna sustatzeko ekintza hauek egin beharko dira, hortaz: «nutrizioari buruzko aholkuak, balizko arrisku farmakologikoen eta ingurumenekoen eraginpean eta sortzetiko kaltea eragin dezaketen lan-arloko agenteen eraginpean egoteari buruzko ikerketa. Halaber, toxikoen, hala nola tabakoaren, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari –emakumearena eta bikotekidearena– buruzko ikerketa. Era berean, lan-jarduerari buruz galdetzen zaio emakumeari, haurdunaldirako arriskutsua ote den jakiteko eta arrisku hori murrizteko ekintza egokiak hartu ahal izateko. Beste alderdi batzuk aho-hortzen osasuna aztertzea eta txertaketa-egutegia eguneratzea dira, hala behar izanez gero. Amaitzeko, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, komeni da galdetzea jarduera fisikoaz, eta eguneroko bizitzan jarduera fisikoa egitea gomendatzea, onura ugari dakartzalako», azaldu du Pilar Costillasek.

Azido folikoaren eta iodoaren garrantzia

Osagarri farmakologikoen artean, azido folikodun osagarria nabarmendu beharra dago.

«Ebidentzia sendoa dago kontzebitu aurretik eta haurdunaldiaren lehen asteetan azido folikoaren kantitate egokiak kontsumitzen badira hodi neuralaren akatsen intzidentzia eta errekurrentzia murriztuko direla. Kontuan izan behar da hodi neuralaren itxiera enbrioiaren garapenaren lehen lau asteetan gertatzen dela, emakume askok haurdun daudela jakin baino lehen; beraz, azido folikodun osagarriak hilabete batetik hiru hilabete lehenago hartzen hasi beharko litzateke, eta, gutxienez, haurdunaldiaren hamabigarren astera arte. Gomendatuko den dosia emakumeak arrisku-faktoreak dituen ala ez araberakoa izango da», azaldu du.

Eikagai hauek azido foliko asko dute: hosto berde iluneko landareak, zitrikoak, fruitu lehorrak, zereal integralak eta lekaleak, eta haragi batzuk, esaterako, gibela. «Gainera, kontzebitu aurreko kontsultan iodo-osagarria gomendatuko da haurdunaldia baino hilabete lehenagotik, haurdunaldian zehar eta haurtxoa eradoski bitartean», amaitu du azaltzen IMQ-ko emaginak.