Iradokizunak
18.10.2024
Herritar gehienek dakiten bezala, osteoporosia hezurretako gaixotasun metaboliko kroniko eta progresiboa da; hezurren mineralizazioa murrizten duena eta, ondorioz, haustura-arriskua areagotzen duena. Hausturek pertsonen bizi-kalitatea alda dezakete, eta osasunarentzat ondorio handiak ekar ditzakete. Hori dela eta, garrantzitsua da zehaztea herritarrek osteoporosirik duten ala ez, eta, ahal den neurrian, horren ondorioak saihestea. Prebalentzia handiko osasun-arazo horretaz ohartarazteko asmoz, nazioarteko komunitateak, urtero, urriaren 20an, Osteoporosiaren Munduko Eguna ospatzen du.
Datu estatistikoek osteoporosiak Espainian duen norainokoa berretsi dute. Osteoporosiaren Nazioarteko Fundazioaren Europari buruzko azken txostenaren arabera, hiru milioi pertsona inguruk dute. Zehazki, 50 urtetik gorako emakumeen % 22k eta gizonen % 6,8k osteoporosia du autonomia-erkidego guztietan. Gainera, hezur-hauskortasunagatiko haustura izan dutenen % 80 inguru emakumeak dira. Eta arazoa gero eta larriagoa da adindu ahala.
«Hezur-masa kalkulatzeko beste metodo batzuk badaude ere –hala nola ordenagailu bidezko tomografia kuantitatiboa edo ultrasoinu kuantitatiboak–, hezur-dentsitometria (DXA) da praktika klinikoan gehien ezarritako metodoa, eta hobekien baliozkotua, hauskortasunagatiko hausturak aurreikusteko duen gaitasunagatik, moldakortasun handiagatik (neurketak egin daitezke gorputzaren kokaleku garrantzitsuenetan, hala nola ornoetan, femurrean, aldaketan...), neurketen zehaztasunagatik eta erradiazioaren eraginpean denbora gutxi jartzeagatik», zehaztu du Gonzalo Solís sendagileak, IMQ Zorrotzaurre Klinikako irudi bidezko diagnostiko zerbitzuko arduradunak.
X izpien xurgapen dualaren bidezko hezur-dentsitometria (DXA), hezur-dentsitate minerala neurtzeko metodo bat da, paziente jakin baten hezurretan osteoporosirik dagoen ala ez zehazteko. «Aurrerapen teknologikoei esker, emaitzak zehatzagoak dira, eta zehaztasun horri esker, munduan hedatu egin da», adierazi du erradiologoak.
Egokiespenak eta miatzen diren eremuak
Gaur egun, «hezur-dentsitometriaren egokiespenak ondo ezagutzen dira 65 urtetik gorako emakume zurientzat eta menopausia osteko emakume gazteagoentzat, haustura osteoporotikoaren arrisku-faktoreak badituzte».
Eskuarki, dentsitometrietan, aldaka, bizkarrezur lunbarra, besaurrea (erradioaren heren distala) edo gorputz osoa aztertzen dira «aparaturik modernoenekin». Horri esker, osaketa osoaren eta eremuen araberako kalkulua, gorputz-gantzaren kuantifikazioa eta hezur-mineralizazioaren balioespena egin daitezke organismo osoan.
Osteoporosiaren arrisku-faktoreak
IMQ Zorrotzaurre Klinikako irudi bidezko diagnostiko zerbitzuko arduradunak osteoporosiaren eta hausturen arriskuaren bost faktore nagusiak gogorarazi ditu: «hezur-dentsitate mineral murriztua, hausturen aurretiko historia, hausturen historia familiarra, argaltasuna (57 kilotik beherako pisua) eta tabakoa erretzeko ohitura aktiboa. Horietatik guztietatik, hausturen aurretiko historia da faktore garrantzitsuena».
Beste arrisku-faktore batzuk ere «kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuak izan daitezke», hala nola tratamendu luzeak kortikoideekin edo elikadura-jokabidearen nahasmenduak, hipertiroidismoa, hiperparatiroidismoa, giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa edo gibeleko gaixotasun kronikoak, Gonzalo Solís doktoreak gogorarazi duenez.
Prebentazioa eta jarraipena
Prebentzioari dagokionez, «hezur-mineralizazioaren galera identifikatzean datza, hausturak izateko arriskua murrizteko. Hori oinarri hartuta, hauek ere: bizi-ohitura osasungarriak, hala nola ariketa fisikoa egitea, eguzkia zuhurtziaz hartzea D bitamina lortzeko –kaltzioa xurgatzen laguntzen du–, dieta egokia izatea eta ohitura ez-osasungarriak saihestea, hala nola sedentarismoa, erretzea edo alkohol gehiegi edatea».
Jarraipena eta aldizkako probak, Gonzalo Solís medikuaren hitzetan, honela egin beharko dira: «hezurren mineralizazioaren eta paziente bakoitzaren arrisku-faktoreen arabera, profesional medikoen zaintzapean eta kontrolpean».
Mugak
Osteoporosia diagnostikatzeko dentsitometrien erabilera ona izan arren, gaixotasun hori kuantitatiboki zehazteko erabiltzen den formulak baditu muga batzuk. «Adibidez, ez dira kontuan hartzen desberdintasun etnikoak (arraza kaukasoarreko populazio-azterlanetan oinarritzen da), sexuari buruzkoak (ez da gizonezkoengan aplikagarria), ezta adinari buruzkoak ere (ezin da ez haurrengan ez menopausia aurreko emakumeengan erabili), nahiz eta azkenaldian haurrentzako baliozkotutako azterlanak egon».
Muga batzuk ere badaude, hala nola “artefaktuak”, «material kirurgikoa, gailu medikoak, kaltzifikazioak eta lesioak, aldaketa morfologikoak, hausturak edo pazienteek izan ditzaketen beste hezur-patologia batzuk» erabili izanagatik.
Dentsitometriak ez dira hain ohikoak gizonezkoengan, dentsitometroak (hezur-dentsitatea neurtzeko erabiltzen diren gailuak) ez baitaude berariaz "kalibratuta" gizonezkoentzat.
Hori guztia gorabehera, arrisku-faktore batzuek, hala nola kortikoideen erabilera luzeak eta hipertiroidismoak, gizonei emakumeen antzera eragin diezaiekete. «Eragin hormonalak desberdinak badira ere bi generoen artean, horrek ez du esan nahi hezur-dentsitatearekin loturiko gaixotasunek –osteoporosiak, adibidez– gizonei eragin ez dietenik. Kasu zehatzetan eta medikuaren gainbegiradapean, gizonek ere hezur-dentsitometriako probak egin beharko dituzte», amaitu du azaltzen IMQ Zorrotzaurre Klinikako irudi bidezko diagnostiko zerbitzuko arduradunak.
Una de cada cinco mujeres mayores de 50 años tiene osteoporosis
El alcoholismo en mujeres mayores incrementa el riesgo de fractura ósea y osteoporosis
En Euskadi, el 70% de las mujeres experimentan síntomas vasomotores relacionados con la menopausia sin recibir, muchas de ellas, un tratamiento eficaz