Bilatu zure medikua (leiho berri batean irekiko da):

Iradokizunak

Iradokizun nagusiak

Bilaketaren emaitza guztiak ikusi

Ez daude emaitzak bilaketa honetarako

Cookieak

Cookie teknikoak, pertsonalizaziokoak, analitikoak eta publizitatekoak erabiltzen ditugu, propioak eta hirugarrenenak, gure webgunearen erabilera aztertzeko eta zure nabigazioa eta publizitatea zure lehentasunetara egokitzeko, zure nabigazio-ohituretatik abiatuta egindako profil batean oinarrituta (adibidez, bisitatutako webguneak). Cookieak noiznahi kontsultatu eta konfiguratu ditzakezu; horretarako, sartu gure Cookie Politikan.

«Menopausiarekin loturiko sintomak emakumeen % 80k dituzte, baina % 20 inguruk baino ez dituzte tratamendua behar izateko moduko sintoma larriak»

10.12.2025

«Menopausiarekin loturiko sintomak emakumeen % 80k dituzte, baina % 20 inguruk baino ez dituzte tratamendua behar izateko moduko sintoma larriak»
  • Urtebete bete da Espainian menopausiarako hormonarik gabeko sendagai berria sartu zenetik. Fezolinetant-a molekula egokia da emakumeen bizitzaren etapa horri lotutako beroaldiak eta gaueko izerdialdi moderatuak eta larriak tratatzeko.

  • Borja Otero doktoreak, ginekologo denak, AEBetan estrogenoen bidezko tratamenduarekin lotutako alertetan egin berri den aldaketa ere baloratu zuen: «ebidentzia zientifikoan oinarrituta dago erabat».

Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Urologia eta Familia eta Komunitateko Medikuntza sailek antolatutako lehen mailako arretaren esparruan ginekologiaren eta urologiaren eguneratzeari buruzko III. Jardunaldiak ‘Menopausia. Berritasuna beroaldien tratamenduan: hormona bidezko lehenengo terapia farmakologiko ordeztailea’ mintzaldia jorratu zuen, Borja Otero sendagile, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko eta Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko Ginekologia eta Obstetrizia Institutuko ginekologoaren eskutik.

Jardunaldiaren programa, halaber, profesional hauek osatu zuten: José Gregorio Pereira Arias doktorea, Bilbao-Clínica IMQ Zorrotzaurreko Urologia Klinikako Urologia arloko burua, gernuko infekzio errepikakorrez aritu zena; eta Jorge Robalino Aldaz doktorea, ospitale-zentro bereko urologoa, beheko gernubideak mintzagai izan zituena.

Mintzaldian, Borja Otero sendagileak  agerian utzi zuen, menopausiarekin lotutako sintomei dagokienez, «emakumeen % 80k dituzte, baina % 20 inguruk baino ez dituzte tratamendua behar izateko bezain sintoma larriak».

Ginekologoak azaldu zuenez, emakume batek medikuari kontsultatzen dionean, menopausiarekin lotutako sintomak dituelako eta bere bizi-kalitatean eragiten diotelako, bi egoera izan ditzake: «alde batetik, sintoma arinak dituzten emakumeak daude, zeinei sintomek asko eragiten ez dioten, eta pixka bat hobeto egoteko zerbaiten bila dabiltzanak. Kasu horretan, produktu naturalak dituzten gehigarriek, hala nola landare jakin batzuen ─esaterako cohosh beltza (Actaea racemosa) edo soja─ aterakinak sintoma horiek hobetzen lagun dezakete».

Bestalde, sintoma biziagoak dituztenentzat, osagarri horiek jada ez dira nahikoak, eta bi tratamendu-aukera daude. «Bata, hormona bidezko tratamendua, ohiko tratamendua dena. Eta duela urtebetetik, gutxi gorabehera, beste aukera bat dago eskura, hormona bidezko tratamenduak berak bezala beroaldiak arintzen dituena. Zehaztu beharra dago beroaldietan bakarrik eragiten duela, eta ez beste ezein sintomatan».

Beroaldi larririk egonez gero

Hala, medikuari beroaldiengatik bakarrik kontsultatzen dioten emakumeentzat, eta oso larriak badira, «aukera hori dago eskura, organismoaren ezein atalekin hormona-mailan elkarreraginik ez duena; izan ere, gorputzaren tenperatura erregulatzen den garunaren aldean bakarrik eragiten du, eta, gainera, oso azkar egiten du, lehen astetik nabaritzen baitira efektuak», azaldu zuen Borja Otero sendagileak, eta honela laburtu zuen: «beroaldi biziak dituzten eta bizi-kalitatean eragin larria duten pazienteentzako tratamendu egokia da».

Botika berri hori erabili den lehen urtean ─haren molekula fezolinetant du izena eta Espainian Veoza izen komertzialarekin merkaturatu da─, «oso emaitza onak lortu dira eta, gainera, oso azkar eragiten du farmakoak. Izan ere, astebeteko tratamenduarekin, onura nabaritzen da, eta, horren ondorioz, pazienteak berehala geratzen dira pozik eta hartualdiak zintzo hartzen dituzte, hots, pilula bat egunean behin, egunero».

Botika berri hori ez dago finantzatuta, eta ez du adin-mugarik, balidatu zen saiakuntzetan 50 eta 68 urte bitarteko menopausiadun pazienteek parte hartu baitzuten. «Oro har, sintomak ez dira adin horretatik aurrera luzatzen, baina beroaldi larriak dauden bitartean erabil daitezke», zehaztu zuen IMQ-ko ginekologoak.

Kontraindikazio handirik ere ez dago. «Kontuan izan behar da, soilik, pazienteek urtebete eraman behar dutela menopausian, azken hilekoa izan zutenetik, batzuetan beroaldiak behin betiko menopausia baino lehen agertzen direlako eta, horielakoetan, fezolinetant-a ez delako egokia». Era berean, analisi bat egin behar da erabiltzen hasi aurretik gibeleko alteraziorik ez dagoela egiaztatzeko, eta lehenengo hiru hilabeteetan kontrol-analisiak egin behar dira. «Denboraldi horretan dena normal badago, ez da analisi gehiago egin beharko».

Beroaldi biziak eta bularreko minbizia duten pazienteentzako tratamendua

Paziente batzuek oso beroaldi biziak izan ditzakete, eta hormona bidezko tratamendua erabiltzeko arazo gehiago dituzte, hala nola bularreko minbiziaren aurrekariak dituztenek. Kasu horietan, Borja Otero doktoreak hau gogorarazi zuen: «molekula hori jada erabili da bularreko minbiziaren aurrekaria duten eta tratamendu aktiborik ez duten pazienteengan, eta segurua da horiengan». Espezialistak iragarri zuen gaur egun bularreko minbizirako tratamendu aktiboan dauden pazienteentzako ikerketa bat badagoela martxan. «Hor beste aukera bat irekitzen da beroaldiak edo minbizi horretarako erabiltzen diren tratamenduen albo-ondorioak arintzeko».

AEBetan estrogenoen bidezko tratamenduaren erabilerari lotutako alertak aldatu dira

Duela gutxi, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuko Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA, ingelesezko sigletan) estrogenoen bidezko tratamenduari lotutako alertak aldatu ditu.

IMQ-ko ginekologoak azaldu zuenez, «alde batetik, ordura arte, erabilera-orriak berdinak ziren ahotik estrogenoekin tratatutako pazienteentzat —gorputz osoari eragiten zion (tratamendu sistemikoa)— eta baginatik tratatutako pazienteentzat (tratamendu lokalizatua). Orain, bagina bidezko tratamenduaren kontraindikazio guztiak desagertu dira, erabilera horretan % 100 segurua baita farmakoa paziente guztientzat, haien aurrekariak eta dituzten patologiak alde batera utzita».

Bestalde, hormona bidezko tratamendu sistemikoa ahotik erabiltzen duten paziente gehienei dagokienez, Borja Otero doktoreak gogorazi zuen duela urte batzuk ikerketa bat argitaratu zela hau esplizitatuta: bularreko minbizia izateko arriskua handitu zezakeen eta zalantzak zeuden narriadura kognitiboari (dementzia) eta osasun kardiobaskularrari ere eragin ziezaiekeen. «Estrogenoei lotutako molekula oso zehatz bat erabiltzen zuen ikerketa baten ondorioz ondorioztatu zen hori guztia; hau da, bularreko minbizia izateko arriskua handitzen zela ikusi zen. Hortaz, hura gomendatzeari utzi zitzaion. Baina gerora egiaztatu da molekula hori gabe hormona bidezko tratamendua erabiltzen zuten pazienteengan bularreko minbizia izateko arriskua areagotzeaz gain, bularreko minbizia izateko arriskua ere murriztu litekeela. Eta, paziente-talde horri jarraipena eginez, hainbat urte eta hamarkadatan zehar, egiaztatu zen molekula hori erabili zuten eta 50 eta 60 urte bitartean hartzen hasi ziren pazienteengan heriotza-tasa kardiobaskularra eta dementzia (narriadura kognitiboa) izateko arriskua murrizten zela. Aurretiko analisien berrinterpretazio horrek eragin du FDAk tratamendu horri buruzko alertak aldatu izana».

Espezialistak adierazi zuenez, «erabaki hori ebidentzia zientifikoan oinarrituta dago erabat. Izan ere, Espainian, Menopausia Ikertzeko Espainiako Elkarteak nazioko eta nazioarteko sozietateak ─ginekologiakoak ez ezik, kardiologiakoak, endokrinologiakoak eta neurologiakoak ere, besteak beste─ inplikatzeko proiektu bat jarri zuen abian, emakumeengan hormona bidezko tratamenduaren segurtasuna berraztertzeko, aldez aurreko patologiarik zuten ala ez kontuan hartuta. Eta agerian geratu zen oso paziente gutxik dutela guztiz kontraindikatuta hormona bidezko tratamendua erabiltzea, onurak arriskuak baino handiagoak direlako. Hepatitis aktiboa edo duela gutxiko tronbosia antikoagulatzaileekin tratamenduan dauden pazienteek izan ezik, ia guztiek erabil dezakete». Proiektu horrek Menopausiako Nazioarteko Sozietatea eta Europako Menopausia eta Andropausia Elkartea ere inplikatu zituen, babes handiarekin eta azterketa zientifiko zorrotzarekin

Lehen mailako arretaren esparruan ginekologiaren eta urologiaren eguneratzeari buruzko III. Jardunaldiak AstellasPharmaren laguntza izan zuen.