Iradokizunak
20.11.2025
Gaixotasunak Prebenitu eta eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC, ingelezko sigletan) aste honetan argitaratutako datuen arabera, Europar Batasunak ez du aurrera egiten 2030erako ezarritako bost helburuetatik lau lortzeko behar den erritmoan. Izan ere, 2019tik, karbapenemikoekiko erresistentea den Klebsiellapneumoniae bakterioak eragindako odol-infekzioen kopurua % 60 baino gehiago handitu da, nahiz eta % 5 murrizteko helburua izan. Hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentea den Escherichiacoli-k eragindakoena ere % 5 baino gehiago handitu da, % 10 murrizteko helburutik aldenduta. Halaber, gizakiek kontsumintzen dituzten antibiotikoen guztizko kopurua handitu egin da berriro eta % 20 murrizteko helburutik urrundu da, eta lehen mailako antibiotikoen erabilera geldituta jarraitzen du, gomendatutako % 65etik behera baitago.
Mikrobioen aurkakoekiko Erresistentziari buruz Kontzientziatzeko Mundu Astea (2025eko azaroaren 18tik 24ra bitartean) dela eta, Esmeralda Santana sendagileak, Euskadiko osasun-zentro pribatu nagusia den IMQ Zorrotzaurre Klinikako prebentzio-medikuntzako espezialistak, mikrobioen aurkakoekiko erresistentziaren (MAE) aurrera egite iraunkorraz ohartarazi du: «fenomeno horrek kolokan jartzen du egungo tratamenduen eraginkortasuna eta arriskuan jartzen ditu funtsezko osasun-prozedurak. Nazioarteko erakundeek argitaratutako azken ebidentziek erakusten dute MAEk gorantz jarraitzen duela Europan eta mundu mailan, eta osasun publikorako mehatxu handienetako bat dela».
Mundu mailan ere bada kezkagarria egoera. Osasunaren Mundu Erakundearen azken txostenaren arabera, 2023an, ohiko sei infekzio bakterianotatik bat antibiotiko bidezko tratamenduarekiko erresistentea zen. 2018tik 2023ra bitartean, erresistentzia % 40 baino gehiago handitu zen patogeno eta antibiotiko monitorizatuen konbinazioetan. Halaber, datuek erakusten dute Escherichiacoli-k eragindako infekzioen % 40 baino gehiago eta Klebsiellapneumoniae-k eragindakoen % 55 baino gehiago erresistenteak direla gaur egun hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko –lehen aukerako tratamenduetako bat. Eraginkortasun-galera funtsezko beste antibiotiko batzuetara ere hedatzen da, hala nola karbapenemikoetara eta fluorokinolonetara.
Mikrobioen aurkakoekiko erresistentziak urtero 35.000 heriotza baino gehiago eragiten ditu Europar Batasunean, eta 11.700 milioi euro inguruko kostu ekonomikoa dakar berekin, ospitale-egonaldien kopurua handitu, produktibitatea murriztu eta osasun-gastuak ugaritu izanagatik. Mehatxua larriagotu egiten da antibiotiko berrien garapena gelditu egin delako, batez ere bakterio gramnegatibo kritikoei aurre egiteko, eta giza, animalia eta ingurumen-eremuetan mikrobioen aurkakoen erabilerak gehiegizkoa edo desegokia izaten jarraitzen duelako.
Testuinguru horretan, hainbat ekimenek, hala nola EU-JAMRAI 2 Europako ekintza bateratuak –aurten Bilbon egin da, eta horretan Espainiak zeregin garrantzitsua du–, MAEri aurre egiteko erantzun koordinatua indartu nahi dute Osasun Bateratuaren (One Health) ikuspegiaren bidez. Estrategia horrek gizakien, animalien eta ingurumenaren osasunaren arteko interdependentzia aitortzen du, eta infekzioen zaintza hobetzeko, infekzioen prebentzioa eta kontrola indartzeko, mikrobioen aurkakoen erabilera arduratsua bermatzeko eta ikerketa eta berrikuntza sustatzeko ekintzak bultzatzen ditu.
Horri dagokionez, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak funtsezko arloak gidatzen ditu, hala nola komunikazioa eta sentsibilizazioa, eta gizakien osasunean, animalien osasunean eta ingurumenean Mikrobioen aurkakoen Erabilera Optimizatzeko Programekin (PROA, gaztelaniazko sigletan) lotutako jarduerak lideratzen ditu, beste erakunde batzuekin batera. Biosistemak (Euskadi) eta Murtzia Eskualdeko Osasun Prestakuntza eta Ikerketarako Fundazioak ere berebiziko garrantzia dute proiektuaren eragina ebaluatzeko lan-arloaren arduradun gisa. Institut Català d’Oncologia (Katalunia) erakundeak giza osasuneko infekzioak prebenitu eta kontrolatzeko lana zuzentzen du, eta Funde Salud (Extremadura) erakundea Europan MAEren inguruan kontzientziatzeko garatu diren mezuak eta kanpainak aztertu eta berrikusteaz arduratzen da. SAS erakundeak (Andaluzia) PROArekin lotutako giza osasunari buruzko jarduerak lideratzen ditu, beste erakunde batzuekin batera, eta SALUD erakundeak (Aragoi) ekimen horiekin zerikusia duten portaera-aldaketarako estrategiak zuzentzen ditu, beste erakunde batzuekin batera, bai gizakien osasunari, bai animalien osasunari buruz. Era berean, Espainiako beste 15 erakunde batzuk partzuergoaren parte dira eta buru-belarri esku hartzen dute.
Pazientearen Kalitate eta Segurtasun Politika betetze aldera, IMQ Zorrotzaurre Klinikak antibiotikoen erabilera optimizatzen dihardu, eta, horretarako, preskripzioa hobetzeko programak bultzatzen ditu, profesionalen prestakuntza indartzeko eta infekzioak prebenitzeko estrategiak sustatzeko ekintzen bidez. Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzea —soilik beharrezkoak direnean eta medikuak esandakoa betetzen— funtsezkoa da erresistentzien hedapena geldiarazteko. MAE arazo handia da, mugak eta diziplinak gainditzen ditu, eta gizarte osoaren konpromisoa behar du.
Hartaz kontzientziatzeko Astearen esparruan, IMQ Zorrotzaurre Klinikako prebentzio-medikuntzako espezialistak, erakunde horrek pazienteen segurtasunarekin eta funtsezko sendagai horien eraginkortasuna zaintzearekin duen konpromisoa berretsi du: «mikrobioen aurkakoekiko erresistentzia murriztea guztion erantzukizuna da, eta horrek, haiek zentzuz erabiltzeko ohiturak finkatzea, zaintza-sistemak indartzea eta ikerketa irmo babestea behar ditu. Ekintza bateratu eta iraunkor baten bidez bakarrik bermatu ahal izango da antibiotikoek eraginkorrak izaten jarraituko dutela oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzat».
Escherichia coli, Staphylococcus aureus y Klebsiella pneumoniae, principales protagonistas de la resistencia a los antimicrobianos
Por primera vez, el mundo se enfrenta a un futuro sin antibióticos eficaces para distintas bacterias
La automedicación con antibióticos puede dar lugar a efectos secundarios graves e, incluso, al fallecimiento